Pedro Altuna eta Txaro Basurto senar-emazteak omendu dituzte

"Ibilbide bat eskertzea da gaurko omenaldiak duen asmoa eta oraingoan, Altunatar senar-emazteek urteetan egindakoa txalotu gura izan du Pake Lekuko erretiratuen elkarteak eta Udalak", azaldu du Mikel Biain alkateak Zubikoa kiroldegian egin duten Erretiratuen Eguneko ekitaldian. Txapela, zapia, lore-sorta eta erloju bana jaso dute Zubillagako Pedro Altunak eta Txaro Basurtok opari, Udal Musika Bandaren Txinparta Bertso Eskolakoen eta Oñatz dantza taldekoen saioekin osatutako ekitaldian.

Oñatz taldeko dantzarien atzetik, Udal ordezkarien eta senitartekoen artean egin dute Altuna senar-emazteek Zubikoarako bidea. Udal Musika Bandaren doinuekin sartu dira kiroldegira eta horien atzetik Erretiratuen Eguneko ekitaldian eta bazkarian parte hartu gura izan duten herriko adindu asko.

Udal Musika Banda, dantzariak eta bertsolariak ekitaldian

Pake Leku elkarteko Anton Elortzak gidatuta, omenduei opariak banatu eta aurreskuarekin ekin diote ekitaldiari. Segidan, ederto laburbildu dituzte Txinparta Bertso Eskolakoek bertsotan, Altuna eta Basurtoren bizipenak Oñatz dantza taldekoen emanaldiaren aurretik. Une hunkigarrienetako bat, baina, Altuna eta Basurtoren Ander eta Iñigok ilobak trikitia eta panderoa eskuetan taularen gainera igo direnean izan da, sorpresa polita omenduendako eta baita kiroldegian batutako guztiendako ere. Urtero moduan, mahaiaren bueltan, elkarrekin bazkalduta borobildu dute Pake Leku erretiratuen elkarteak antolatutako Erretiratuen Asteko ospakizunak.

Pedro Altuna eta Txaro Basurto: 63 urte elkarrekin

Ekainaren 29an, San Pedro egunean 93 urte beteko ditu Altunak eta 90 urte irailean Basurtok. Gaur egun Zubillagako elkartea den etxean jaio zen Altuna, eta handik gertu dagoen Marteskua etxekoa zen Basurtoren ama. Familia bisitatzera sarritan etorri zen Getxon bizi zen Basurto, eta horrelako egun baten ezagutu zuten elkar. Ezkondu eta lau alaba izan zituzten. Herriko askotariko ekimenetan parte hartu izan dute, horien artean aipatzekoa da, Oñatin ikastola zabaltzeko Txaro Basurtoren Irakasle titulua ezinbesteko laguntza izan zela.

Erlazionatuak

Oñatiko Erretiratuen Eguneko argazkiak

Oñati

Pake Leku elkartearen eta Udalaren omenaldia jaso dute Zubillagako Pedro Altunak eta Txaro Basurtok Erretiratuen Egunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.