Aitor Zabaleta eta Igor Urien Udanako XII. Igoeran azkarrenak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko eka. 24a, 22:23
Jabier Elortegi, Aitor Zabaleta eta Joseba Olea izan dira monoplaza kategorian azkarrenak.

Udanako lasterketan eskarmentua du Zabaleta bergararrak eta hura izan da gaurko lasterketan, monoplazen kategorian, azkarrena; Igor Urienek, berriz, gaur hartu du parte lehenengo aldiz eta Abadiñora eraman du turismo kategoriako sari nagusia. Oñatiko pilotuendako sari nagusiak, Xabier Elgarrestarentzako eta Monika Muñozentzako izan dira.

"Asko gozatu dut. Oso ibilbide polita da. Ahaleginak egingo ditut hurrengoan ere hemen izateko", azaldu du Urienek saria eskuetan zuela. Zabaletak aurrez ere Udanako Igoerako hainbat sari eskuratuta dituen arren, gustura zen gaurko lasterketarekin. "Eskerrak euririk egin ez duen, bestela oso labankorra da Udana. Tantaren batzuk bota dituen arren, ez da arriskurik eragiteko bestekoa izan. Lehenengo mangan oso gogor ekin diogu guztiok baina erdigunean zegoen zuloak bigarren mangan polikiago joatera bultzatu gaitu guztioi. Istripu txikiren bat izan den arren, guztiok arazo barik heldu gara gora", kontatu du Zabaletak.

Parte hartu duten pilotuen artean sei oñatiar izan dira eta horien artean Xabier Elgarresta, Iñigo Errasti eta Aitor Arnaiz izan dira hurrenez-hurren gizonezkoetan azkarrenak; emakumezkoetan, berriz, bi parte hartzaile bakarrik izan dira lasterketan eta horietatik azkarrena, Monika Muñoz oñatiarra. Elgarresta gustura da egindako lanarekin. "Gaur gauza batzuk aldatuta topatu ditut lasterketan eta hasieran beldur apur batekin ibili naizen arren, asko gozatu dut gero. Gaur hemen batu garen pilotuak aurkariak baino, aspaldiko lagunak gara, nire aurkaririk handiena, ni naiz. Oso gertukoa dut Udanako mendatea, izatez Zumarragakoa naiz eta hamaika aldiz igo eta jaitsi izan dut Udana; hortaz, lasterketa hori oso berezia da neretako". 

Antolatzaileak ere gustura, aurreikusitako moduan eta istripu larririk barik joan delako Igoera eta parte hartu duten 63 pilotuak heldu direlako Udana gainera.

Erlazionatuak

XII. Udanako Igoerako sari banaketa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017 eka 24 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak