Bidasoako bide berdera bizikleta irteera, Txirrinkak antolatuta

Bizikleta irteera antolatu du Oñatiko Txirrinka elkarteak Bidasoako bide berdera. Uztailaren 8an egingo da hori eta irteerara joateko izena, uztailaren 5a baino lehen eman beharko da txirrinka@gmail.com helbidean.

Ibilbideak 40 kilometro inguru ditu eta aldaparik gabekoa da. Legasatik irten eta Irunera arteko bidea da egingo dutena. Hau da, antzina, Bidasoa ibaiaren ertzetik Elizondo eta Irun lotzen zituen Tren Txikito deituriko trenaren ibilbidearen zati bat. Legasa, Doneztebe, Sunbilla, Bera eta Endarlatsatik pasatuta helduko dira Irunera. Bidasoa ibaiaren edertasunaz gain, erreka horretako presak, arrantza lekuak, errekaren muga izaerak utzitako aztarnak eta erreka ondoko herriak ikusi ahal izango dituzte.

Ibilbidean hainbat tunel zeharkatzen dira eta batzuk argiztatuta badaude ere, badaezpada, linterna eramatea gomendatzen dute.

Izen ematea, uztailaren 5a baino lehen

Esan bezala, uztailaren 5a baino lehen eman behar da izena, txirrinka@gmail.com helbidean. Bizikletak furgonetan eramango dituzte haraino eta 5 euro eskatuko zaie izena ematen dutenei, furgonetaren alokairurako. Bazkaria norbere kontura izango da. Irteera ordua 8:15ean izango da Oñatiko Ibarrako MUren fakultatetik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.