'Pinotxo hariekin lotu gabe' musikalak arrakasta handiarekin hasi du bidea

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 17a, 11:24

Ikusmin handia zegoen Ganbara faktoriaren musikal berriarengan, eta honen erantzuna ezin hobea izan zen. Izan ere, estreinaldi bikaina izan zuen Pinotxo hariekin lotu gabe ikuskizunak, publikoaren abaniko eta izerdien aurrean. Bi urteko lan gogorra, bi ordutan azaleratu zieten parte-hartzaileek herritarrei.

Esperotako maila eman zuen Ganbara faktoriaren Pinotxo hariekin lotu gabe musikalak. Bero ikaragarria egiten zuen Zubikoako pilotalekuan, baina horrek ez zuen emanaldia zapuztu.

Bi urteko prestaketa lan gogorraren ostean, maila altua emanaz estreinatu zuten emanaldia: "Pozik gaude. Bi urteko lana bi ordu eta erdian laburbiltzen da eta urduritasunak eta emozioak hor egoten dira. Baditugu gauzak hobetzeko, baina oso pozik egindako ekitaldiarekin eta emaitzarekin", adierazi du Aitor Biain zuzendariak. Parte-hartzaile asko ditu musikalak eta zuzenean izateak zailtasunak dakartzala adierazi du Biainek. "Presioa handia da. Jende asko gara, guztiok komunikatuta gaude –interkomunikazio bidez– eta informazio asko pasatzen da. Eszenatokian zerbait pasatzen bada, horri buelta eman behar zaio, eta horrek bere lana du, baina oso pozik gaude emaitzarekin", gaineratu du.

Pinotxoren rola betetzen duen Irene Urzelai ere gustura azaldu da. "Oso esperientzia polita izan da. Akats batzuk egin ditut larritasun puntu bat sorrarazi didatenak, baina gustura nago", dio.

Protagonistaren ahizpa Ainhoa Urzelai zen, hain zuzen, iratxoaren papera egiten duena. Hau ere pozik dago egindako lanarekin. "Asko disfrutatu dut. Lan handia suposatu digu musikala prestatzeak, baina merezi izan du", azpimarratu du.

Gaur, bi emanaldi

Atzo estreinaldi arrakastatsuaren ostean, gaur, zapatua, beste bi emanaldi eskainiko dituzte. Bat oraintxe, 11:30ean, eta bestea, aldiz, arratsaldean, 18:30ean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak