Bi urtetan egindako lana erakusteko irrikan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko eka. 16a, 15:16
'Pinotxo, hariekin lotu gabe' ikuskizunaren lantaldeko hainbat kide.

Pinotxo, hariekin lotu gabe musikala estreinatuko du Ganbara Txiki abesbatzak gaur, Zubikoako pilotalekuan; biharko 11:30eko emanaldirako bakarrik geratzen dira sarrerak. Musikalaren diskoa ere argitaratu dute eta hamar eurotan salduko dute.

Entseguak bukatuta, frontoiko sabaia estaltzen, Eltziako lokalean zituzten dekoratuak desmuntatu, frontoira eraman eta han jarritako agertokian muntatzen... arropak eta bestelako osagarriei azken ukituak ematen... Lan horietan ibili da Pinotxo, hariekin lotu gabe musikala prestatzen ari den lantaldea aste honetan.

Aurretik badute horrelako ikuskizunetan esperientzia, baina honako honekin, pauso bat harago egin dute. Carlo Collodik idatzitako eta Mary Donellyk eta Gerorge L.O. Stridek musikal bilakatutako lana oinarri hartuta, euskarazko bertsio berri bat sortu dute. Iraupen luzeko lana eskaini gura zuten eta halaxe sortu dute bi ordu eta erdiko ikuskizun berria; horretarako, istorioa eta abestiak luzatu eta moldatu egin dituzte.  

Mimoz eta gogoz egindako lana

75 lagunek osatutako lantaldea batu dute, eta, besteak beste, gurasoek lan handia egin dute. "Familia osoa gaude saltsan sartuta: bi semeak taularen gainean izango dira, Zuzendaritza Artistiko taldeko arduraduna naiz ni, eta bikotekideak, berriz, dekoratuak egiten eta muntatzen jardun du. Orain arteko lanak kontrolpean ditugula esango nuke. Ikuskizunean erregidore lanetan ibili naiz. Urduritasun puntu batekin, bai, baina sekulako ilusioarekin gaude guztiak", azaldu du Bea Martinez de Albenizek.

Hiru lagunen artean zazpi dekoratu egin dituzte. "Aurreko ikuskizunarekin alderatuz –Altxorraren uhartea–, teknikoki konplikatuagoa da. Ordu asko sartu ditugu, baina oso pozik gaude", dio Sergio Maiztegik.
Sormen lan horiek egin ahal izateko beharrezkoa da gestio eta produkzio taldea, eta horretan jardun du Oihana Diazek. "Puzzleko pieza guztiak txertatuta ikusteko gogoz nago. Ikuskizuna kudeatzea izan da nire lana: paper eta diru kontuak".  

Agertokira igotzeko desiratzen daudela kontatu dute Ainhoa eta Irene Urzelai ahizpek; Iratxoa eta Pinotxo dira hurrenez hurren. "Urduri gaude, baina oso pozik eta, era berean, penaz ere bai bukatzeko. Ea, ba, arrakasta dugun eta beste herri batzuetan eskaintzeko aukera dugun, abentura honek iraun dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak