Osalanek GOIENAri jakinarazi dionez, altzairuzko bobina bat mozketa makinara eramaten ari zenean gertatu zen ezbeharra; C formako gantxo batekin helduta zegoen bobina hori. Bobinak, mozketa makina jartzerakoan, buelta eman zuen eta langilearen hanka gainera erori zen. 4.500 kilo inguru zituen. 35 urteko langilea helikopteroz eraman zuten Donostiako ospitalera eta istripuak eragindako kalteen ondorioz hankaren zati bat moztu behar izan zioten.
LAB sindikatuak "benetako neurriak" eskatu ditu
Sindikatuak gogorarazi duenez, "honako hau ez da lehen istripua, dagoeneko bi hildako eta hainbat istripu larri izan dira Oñatiko Chinchurreta SA enpresan". Hori dela eta "benetako neurriak" hartzeko eskatu dute LAB sindikatutik, horrelako ezbeharrak errepikatu ez daitezen. Gaineratu dute, langileek "bizi ahal izateko" egiten dutela lana, eta lan istripuak ez direla "bizitzako gertakari arruntak". LAB sindikatuak garbi utzi nahi izan du langile bat hiltzea edo zauritzea ez dela "lanaren ezaugarri bat", baizik eta "patronalak lan egiteko orduan ezartzen dituen baldintza eta lan egiteko moduen emaitza".