Ikasturteari amaiera emango dio Eskola Kirolak

Eskola Kirola programaren baitan eginiko mendi irteera.

Gaur, egubakoitza, egingo dute Eskola Kirola programaren bueltako azken ekintza; amaiera ekitaldia egingo dute Zubikoa kiroldegian. 19:00etan hasiko da, sari banaketarekin. Behin hori amaituta, jatordua prestatu dute programan kolaboratu duten laguntzaileentzat –herriko ikastetxeetako 71 guraso daude tartean–; kiroldegiko tabernan izango dute janaldia. 

Eskola Kirola programak urriaren 10ean ekin zion ikasturteari; eta, gaur arte egon da martxan. Tarte horretan, kirol ugari izan dituzte eskura parte hartzaileek, taldeka zein bakarka egitekoak. Hor daude eskubaloia, igeriketa eta altxorraren bila jolasa.

Horiez gain, mendi irteerak ere egin dituzte; zehatz esanda, hilean irteera bat egiteko aukera izan dute egitasmoan esku hartu duten benjamin eta alebin mailako 487 neska-mutikoek.

Bere aldetik, ikasturtearen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek: "Parte hartze handia izan da; eta, eragile zein norbanako ugarik lagundu du. Eskertzekoa da hori".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.