Auzoko produktuen dastaketarekin hasiko dira Murgiako jaiak, zapatu honetan

Asteburu honetan izango dira Oñatiko Murgia auzoko jaiak. Zapatuan, maiatzaren 27an izango dira ekitaldi gehienak, goizeko 12etan hasi eta gaua iritsi artean iraungo du jaiak.

Zapatuan, 12:00etan, auzoko produktuen dastaketa (gazta, txakolina eta sagardoa), txerri saiheskia parrilan eta auzoko abereen erakusketa egongo da. Jarraian, 13:00etan, bertso saioarekin girotuko dute jaia Oñatiko Bertso Eskolako kideek.

Bazkalostean, Mus txapelketa egongo da (15:30ean); ostean etxeko txikienentzako pailazoen emanaldia eta txokolatada (17:00etan). 17.30ean auzo kirolak hasiko dira; lehenik ardi-moztaileak ikusi ahalko dira eta ondoren, Manex Urrutia harri-jasotzailearen erakustaldia egongo da.

Eguna amaitzeko, Asentzio Elkartean auzo afaria egingo da. Bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute afaria.

Domekan, berriz, 12:00etan meza nagusia egongo da eta ostean auzotarrei omenaldia egingo zaie. Jaiei amaiera emateko luncha eskainiko da auzoko elkartean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.