Ikuskizunak musika eta bertsolaritza, narrazioa, abestia eta bideo-proiekzioak uztartzen ditu; osagai horiek lirateke artxipielagoa osatzen duten irlak.
Ordu eta erdiko emanaldian, Egaña bertsolari zarauztarra izango da esatari lanetan ibiliko dena eta hizketaldian zehar, irlen eta artxipielagoen inguruko gogoetak plazaratuko ditu, baita musikaren eta kulturaren inguruko hainbat hausnarketa eskaini ere.
Magia eta Mendimetroak
Kilometroak 2017ren testuinguruan beste bi ekintza izango dira asteburuan. Batetik, magia tailerra egingo da bihar, 10:30ean, gaztelekuan. Tailerrean ikasitakoak praktikan nola ipintzen diren ikusteko aukera izango dute 17:30ean gaztelekuan bertan egingo den Eriz Magoaren ikuskizunean.
Mendizaletasuna sustatzeko ekimena egingo da domekan. Bailaraka, Gipuzkoako Ikastola guztiek mendi martxak egingo dituzte. Oñatikoa Aloñara izango da. 09:00etan Foruen plazan elkartu eta autoetan igoko dira Arantzazura. Handik egingo dute Gorgomendirako joan-etorria. Tontor guztietan argazki erraldoiak egingo dituzte.