Martxoaren erdialdean hasi zen proba pilotua eta ordutik, Sietevientoseko bidegurutzea oinezkoendako gunea izan da. Bitarte honetan, Udal Gobernua hainbat eragile eta herritarrekin harremanetan jardun da eta aste batzuk pasata eta balorazio bat egin ondoren, gaiaren inguruan proposatuko duen irtenbidearen lan ildo nagusiak azaldu ditu: Lehena da, bidegurutzearen itxiera, egubakoitzetik domekara mugatzea eta ondorioz, astelehenetik egubakoitzera bidegurutzea motordun ibilgailuendako zabalik izatea. Bidegurutzeko abiadura muga berraztertu eta hori errespetatzeko bitarteko teknikoak ere ipiniko dira. Hori bakarrik ez, Sietevientos itxita egongo den tartean leudekeen arau hausteen jarraipena egiteko bitarteko teknikoak ere bideratuko baititu. Azkenik, zehazten du, maiatzaren 1a plazako aparkalekuak, bidegurutzea itxita egonagatik ere erabilgarriak direla herritarrei gogora araztea.
Trafiko neurketen emaitzak
Bestalde, proba pilotuak iraun duen bitartean egin diren neurketek diote, Sietevientos itxita egon den bitartean Kalegoienatik %20 kotxe inguru gehiago pasatu dela egunean bataz beste. Horrek, oro har, bataz besteko abiadura jaistea ekarri du eta abiadura muga errespetatzen ez duten ibilgailuak %8tik %3ra jaitsi dira.
Proba pilotuaren aurretik egindako neurketetan, bestetik, ikusi zen Sietevientoseko bidegurutzean bost autotik batek 30 kilometro orduko abiadura gainditzen zuela. Apirilean egindako azterketen emaitzak ere kezkagarriak dira. Auto gutxiago pasatzen badira ere, %19k gainditu du 30 kilometro orduko abiadura.