350 trikitilari eta pandero-jole elkartuko dira bihar Oñatin

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko api. 28a, 14:34
Iaz Bergaran egin zuten Debabgoieneko Trikitixa Eguna.

Bailarako eta inguruko herrietako trikitizaleak batu eta elkar ezagutzeko helburuarekin sortu zuten orain dela hamahiru urte Debagoieneko Trikitixa Eguna. Tailerrak eta kontzertuak egingo dituzte; bazkaria ere izango da, baina dagoeneko agortu dira 420 txartelak.

Bergarakoei lekukoa hartuta, Oñatiko Lizargarate Trikitizale Elkarteak eta Jose de Azpiazu Musika Eskolak antolatu dute biharko egitaraua. 350 lagun inguru batuko dira Oñatin, eta, herriko trikitilari eta panderoez gainera, Arrasatekoek, Aretxabaletakoek, Bergarakoek, Antzuolakoek, Aramaiokoek, Eskoriatzakoek, Elgetakoek eta Soraluzekoek hartuko dute parte.

Tailerrak eta kontzertuak

Goizeko hamarretan Unibertsitateko plazan elkartuko dira eta  askotariko tailerrak egingo dituzte, 10:30ean hasita: "Trikitiarekin lotutako arlo ezberdinak landuko ditugu Lutxurditxorekin, Luis Astiazaranekin, Harkaitz Allurrekin eta Ines Osinagarekin; baina plaza mugatuak dituzte eta dagoenekon beteta daude eskolako ikasleekin. Horiez gainera, Aitor Furundarenak kultur etxeko zine aretoan Soinu txikia soinu handiaren betaurrekoetatik hitzaldia egingo du eta interesa duten guztiei  egin gura diegu bertaratzeko gonbidapena; 10:30ean hasiko da eta ez da aurrez izena eman behar", diote antolatzaileek.
Era berean, trikiti eta pandero doinuekin gozatzeko hainbat aukera izango dira. "Ikasleek 13:00etan egingo dute saioa Unibertsitate aurrean eta toki berean 17:00etan hasita, Debagoieneko trikiti taldeen emanaldiak izango dira. Eguna bukatzeko, Los Zopilotes Txirriaus eta eMePebo5t taldeen kontzertura etortzeko gonbidapena ere baduzue".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak