Burgosen jokatuko dute oñatiarrek igoera fasea

Igoera fasean jarduteko txartela Ford Mugarri Arrasateren kontrako finalean eskuratu ostean (34-24), Izarraitz Muñoz Aloña Mendikoek hiru aste dituzte Burgosen jokatuko duten fasea ondo prestatzeko

Lehen Maila Nazionalerako igoera fasean egoteko txartela erdietsita –asteburuko bi partiduak irabazi eta gero–, Izarraitz Muñoz Aloña Mendikoak aurrera begira jarri dira dagoeneko. Burgos izango dute hurrengo geltoki –aste barruan aditzera eman dutenez–. Bertan jokatuko dute igoera fasea, maiatzaren 12 eta 14 bitartean.

Asteburukoa atzean utzita, Burgosko norgehiagokei begira jarri da taldea, helburu garbi batekin. "Fasean egon ahal izatea saria da guretzat. Beraz, gozatzera joango gara", esan du Aitor Aranburuk, Izarraitz Muñozeko entrenatzaileak.

Sei multzotan banatuta

Guztira, sei multzotan banatu dituzte igoera faserako sailkatu diren taldeak; lau talde daude horietako bakoitzean. Multzo bakoitzeko lehenengo taldeez gain, bigarren postua erdietsi dutenen artean emaitza onenak lortzen dituzten hiru taldeak ere mailaz igoko dira.

Hirugarren multzoan dira oñatiarrak; UBU San Pablo Inmobiliaria burgostarrak, BM Maristas iruindarrak eta Iplacea madrildarrak izango dituzte aurkari.

Atzera begira, asteburu borobila

Asteburuan Oñatin bizi izandako esperientziari dagokionez, Aranburu pozik dago jokalarien errendimenduarekin: "Jokatzeko gogo handia erakutsi zuten; agerian geratu zen fasean esku hartzeko duten ilusioa. Oso ondo kudeatu zituzten nerbioak".

Oñatiarrek norgehiagoka serioak jokatu zituzten: gogor jardun zuten defentsan, eta erasoan, berriz, eroso, talde-lanari esker, batez ere. Horrek, nola ez, eragina izan zuen asteburuko emaitzetan. Zapatuan 29-22 irabazi zioten Urduliz Eskubaloia taldeari; eta domekako finalean, bestalde, 34-24 gailendu zitzaizkien arrasatearrei.

Zaleek, berriz, gogoz jardun zuten; bete egin zuten kiroldegia, eta gozatu ederra hartu zuten taldearen garaipenekin. Hori islatzen zuen, behintzat, harmailetan sorturiko giroak. Haien laguntza eskertu du Aranburuk. "Ikaragarria izan zen Zubikoan sorturiko giroa. Hunkigarria da harmailak horrela ikustea. Ezin daiteke hitzez azaldu", adierazi du.

Bigarren taldea, mailaz igota

Muñoz Izarraitz Aloña Mendik, bigarren taldeak, igoera erdietsi zuen, liga irabazita; Gipuzkoako Lehen Lurraldeko Txapelketan jardungo dute hurrengo denboraldian. Martxoaren 5ean ziurtatu zuten igoera.

Erlazionatuak

Izarraitz Muñoz Aloña Mendi sailkatu da igoera fasera, Ford Mugarri atzean utzita

Arrasate Oñati

Hasierako bost minutuetan partidua Oñatikoen eta Arrasatekoen artean oso berdinduta egon baldin bada ere, Izarraitz Muñoz Aloñ...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.