Kirriñeneko kantoiko iturria berreskuratu dute

Eguen goizean jarri zuten iturria

Duela zazpi urte kendu zuten Oñatiko Kale Barriaren eta Atzeko kalearen artean dagoen Kirriñeneko kantoiko iturria; orain, Udalak hori berreskuratzea erabaki du eta brigadako langileek lehengo tokian jarri dute gaurtik aurrera erabilgarri dagoen iturria.

XIX. mendean iturri sare bat egin zen Oñatin, zerbitzu publikoa eskaintzen zuen iturri sarea. "Gutxi gorabehera, herriko iturri guztiak garai berekoak dira eta garai hartan iturri publikoak ziren, hau da, etxeetan ur sarerik ez zegoen. Herritarrak pitxarra hartu eta gertuen zegoen iturrira jaisten ziren, ur bila", azaldu du Oñatiko alkateak, Mikel Biainek. "Nik uste iturriek esangura handia eduki dutela, batez ere zerbitzu publiko bat den heinean, eta Oñatiko herriak badauka aberastasun hori, zentzu horretan. Hain zuzen, aipatutako iturri sare horretako zati txiki bat da berreskuratu dena", gaineratu du. Izan ere, XIX. mendean egindako iturri sare horren baitako iturri bat da gaurtik aurrera berriro erabilgarri egongo dena, Kirriñeneko kantoian dagoena, Udal Gobernuak berreskuratzea erabaki ostean.

Hala ere, jarri berri duten iturria ez da orain dela zazpi urte kendu zutena, baizik eta Portalekuako sarrerako iturria –Atxaga bizartegi alboan zegoena–. Iturri hau ere duela urte batzuk kendu egin zuten eta ordutik Goribar Goiti baserrian gordeta egon da. "Norbaitek, irizpide onez, iturri hura gordetzea erabaki zuen. Hori hala, pentsatu genuen polita izango zela iturria berreskuratzea", azpimarratu du Biainek. Lehen zegoena izan ez arren, garrantzitsuena iturria berreskuratzea dela azaldu du alkateak. "Ez da originala, baina aurretik egon diren beste hainbat ere ez dira originalak, garrantzitsuena iturria berreskuratzea da", dio.

Honen harira, iturrien garrantzi historikoa nabarmendu nahi izan du. "Inportantea da, ondare ikuspegi batetik begiratuta, herriko historiari keinu bat egitea. Memoria motza daukagu eta ahaztu egiten gara, baina orain dela ez askora arte, herriko etxeetan ez zegoen ur sarerik, gure aitona-amonek ez zuten ur sarerik etxean", zehaztu du.

Brigadaren lana

Herriko langileak aritu dira iturri hau jartzeko eta egokitzeko lanetan. Alkateak azpimarratu du Udalak zortea daukala, "brigada indartsu eta osasuntsu" bat daukalako horrelako lanak egiteko.

Andoni Beristain brigadako arduradunaren esanetan, astebete behar izan dute iturria jartzeko. Izan ere, astelehenean hasi zituzten lanak eta atzo, eguena, azken ukituak eman ostean, gaurtik aurrera erabilgarri egongo da. "Kale hau berriztu egin da, oinezkoentzako kalea da orain eta orain iturria ere badu. Garai egokian jarri dugu, udaberria eta uda datoz orain, eta herritar askok pozez hartu dute albistea".

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.