Goizeko 09:00etatik gaueko 21:00etara egongo dira gaur ere hainbat boluntario Oñatin errefuxiatuendako elikagaiak batzen. Atzoko eguna "ondo" joan zela azpimarratu du Jose Antonio Urteaga boluntarioak, baina "umeendako espezifikoak diren produktu" gehiago behar dituztela ere gogoratu du: "Produktu garestiagoak dira, umeendako esnea eta haur-oihalak adibidez, baina oso garrantzitsuak dira".
Une oro lau edo bost boluntario ari dira jo eta ke produktuak saltokietatik batzen, gero astelehenean dena paletetan txukun ordenatzeko. "Egun osoan egongo gara, gaur ere, ea astelehenerako hainbat produktu biltzen ditugun. Egia esateko, eskuzabal dabiltza oñatiarrak, eta martxa onean goaz", adierazi du Urteagak.