Errefuxiatuentzat elikagai eta produktu bilketa abiatu du Hotz Oñatik

Aurreko urteko bilketa kanpaina.

Herriko supermerkatu eta farmazietan jarri dituzte bilketa guneak; zapatura arte egongo dira bertan.

Errefuxiatuei laguntza humanitarioa bidaltzeko prozesuari ekin dio Hotz Oñatik. Lagundu nahi duenak, herriko supermerkatuetan eta farmazietan izango du elikagaiak zein higiene produktuak uzteko aukera, martxoaren 30etik apirilaren 1era.

Bilketa kanpaina ez da berria oñatiarrentzat, aurreko urtean ere prozesu bera jarri baitzuen martxan Hotz Oñatik. Orduan, hamalau palet irten ziren herritik;  gutxienez kopuru hori berdintzea gura dute aurtengoan. Behin bilketa amaituta, Zaporeak taldeak Martutenen duen egoitzara bidaliko dituzte elikagai eta produktuak; haren bidez helaraziko zaie bildutakoa Grezian dauden errefuxiatuei.

Bestalde, halako proiektuekin kolaboratzearen garrantzia azpimarratu du Jose Antonio Urteagak, Hotz Oñatiko boluntarioak: "Bakoitzak bere alea jarri beharra du, besteek egingo dutenaren esperoan egon gabe. Gerrak iraun bitartean, arazoa ez da amaituko, baina horrek ez du esan nahi auzia leundu ezin daitekeenik".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.