"Apirilaren 8an pasako da Korrika Oñatitik. 11:30 aldera iritsiko da Udanako gainera eta 12:00etan-edo Bidaurreta parera. Zapatuan eta ordu ezin hobean pasako da aurten Korrika guretik eta ez dago aitzakiarik parte ez hartzeko. Ziur gaude jende askok hartuko duela parte", dio Oñatiko Korrika batzordea koordinatzen ari den Josu Zubiak.
Eta batzorde horrek dagoeneko prest du Korrikari ongietorria egiteko egitaraua. "Bezperan, apirilaren 7an, 15:00etan, Korrika Txikia egingo dute hiru ikastetxeek herri barruan. Bukatutakoan, txokolatea eskainiko dute Makalena elkartekoek eta Lizargarate Trikiti Elkarteko kideak txorimaloekin batera ibiliko dira kalez kale. Egun horretan, gainera, Batzuk dokumentala eskainiko dute gaztetxean, eta horren segidan bakarrizketa saio bat egongo da Antixena gaztetxean", dio Josu Zubiak.
Udanan behera
Oraingoan ere Udanan behera etorriko da Korrika, eta Oinaztu eta Irazan taldekoek aurreko ordu horiek girotuko dituzte. Apirilaren 8an izango da hori, 11:00etan. "Oñatiko talde batek Udanan lehen lekukoa hartzen duenetik azkena eramaten duen tarte horretan, Korrikako furgonetaren atzetiko joango gara oñatiar guztiok. Eta gero, 13:15 aldera, kantu-poteoa egingo dugu Foruen plazatik hasita, trikitilariekin eta Oñatz taldeko dantzariekin. Bazkaria egongo da gaztetxean eta Trikimailu taldeak erromeria eskainiko du. Gaztelekuan, berriz, gazteek eurek antolatutako ekitaldia egongo da, oraindik prestatzen ari direna. Egitarau betea osatu dugu herriko eragile ezberdinekin batera. Gainera, autobusa ere antolatu dugu apirilaren 9an Iruñera joateko", adierazi du Oñatiko Korrika batzordeko koordinatzaileak.
Txartelak
Autobusa Bergarako taldearekin batera antolatu dute eta Elorregiko geltokitik aterako da 08:45ean. Itzulera ordua zehazteke dute oraindik. Joan gura duenak izena eman behar du Boga, Ona edo Izarraitz tabernan. Hamar euro da txartela.
Bazkarirako txartelak ere hiru taberna horietan daude dagoeneko salgai: hamar eurotan langileendako eta zortzi eurotan ikasle eta langabeendako. Antixena gaztetxean izango da herri bazkaria.
Kilometro salmentari dagokionez, Zubiak adierazi du "oso ondo" doala, "herri luzea da Oñati eta batzuk dagoeneko bikoiztu egin ditugu. Pozik gaude".