1997an sortu zenetik, 20 urte egin ditu Arkada Socialek. "Seinale da zerbait ondo egin duzula, gutxienez jendeari gustatu zaiola. Alde horretatik, oso pozik gaude", dio Beitiak. Urteurren borobila aprobetxatuko dute "zerbait berezia" egiteko: "Bilduma berezi bat egitea abesti zaharrekin, argazki zaharrak ere batuz... Oraindik ez dugu ezer argi, baina zerbait egingo dugu, seguru".
20. urteurrenaren barruko kontzertu berezi batzuk ere aurreratu zituen Beitiak; esaterako, maiatzean Tolosan (Frantzia) joko dute, ekainean Bartzelonan eta uztailean aurten 20 urte egingo dituen eta berezia izango den Hatortxu Rock jaialdian. Jaialdi horretan Des-Kontrol taldearekin ere igoko da agertokira.
'Arkada'-k eten, Hodei Beitiak ez
Arkada Socialek gorabeherak izan ditu 20 urteotan; 2003tik 2006ra, adibidez, ez zuten kontzerturik eman. Beitiak, baina, ez du etenik izan musika egiten hasi zenetik: "Talde bat baino gehiago izan dut; Arkada-k utzi zuenean Des-Kontrolekin hasi nintzen. Beti izan dut zerbait, musika barik ezingo nintzatekeelako bizi". Eta hor errudunen bat badago, hori anaia Oier da: "Anaiak erakutsi dit dakidana. Des-Kontrolen egon nintzen berarekin eta arantza bat nuen, Arkada-n sartu denean kendu dudana. Ni ere nekatuta nengoen baxua jotzen abesti guztiak kantatu beharraz... Horrela denok pozik". Elkarrizketa Goiena Telebistan ikusi ahalko da, 21:30ean.