Hermansoloñakoek Bidebarrietako lokala utzi beharko dute

Hotz Oñatik hurrengo asteburuan egingo duen bilketarako kaxak ere lokal horretan dituzte orain

Goribar auzoan duen artxiboa lokal horretara pasa gura du udalak. Arropak, jostailuak, oinetakoak eta bestelakoak biltzeko proiektuak baina, aurrera jarraituko du, beste lokal baten bila ari dira-eta udala eta elkarteko kideak.

Hermansoloña elkarteak erabiltzen duen Bidebarrietako lokala udalarena da eta artxiborako behar du orain egoitza hori udalak. "Goribar auzoan dagoena ez dago egoera onean. Hezetasun handia dago han eta tokiz aldatzea beharrezkoa da. Aukeretako bat da Bidebarrietara ekartzea. Oraindik erabakia ez dago ehuneko ehunean hartuta, baina aukerak handiak dira, egokia da-eta lokal hori. Hala ere, Hermansoloña elkartekoek egiten duten lanak jarraipena izan behar duela ikusten dugu eta ari gara beste lokal batzuk aztertzen", adierazi du alkateak, Mikel Biainek.

Atzo, astelehena, egin zuten bilera udaleko eta Hermansoloña elkarteko ordezkariek gai horri buruz. "Gure proiektuak jarraipena izango duela badakigu. Ziur gaude. Orain lokal berria non jarri ari gara aztertzen. Udalak Ibarrako aldagelak dauden eraikina eskaini digu, adibidez. Erdia Acesmak erabiltzen du, elikagaien bankurako, baina beste erdia hutsik dago. Hala ere, beste lokal batzuk aztertzekotan gelditu gara", dio Hermansoloña elkarteko Jose Antonio Urteagak. Kalean hutsik dauden lokal bat hartzea ere ez du inork baztertzen. "Egokia izan behar da, herritarrendako erosoa eta zamalanak egiteko ere arazorik ez duena. Elkartearekin batera ari gara topatzen. Bilatuz gero, udalak alokairua ordainduko luke", argitu du alkateak.

Laguntzailea

Jose Antonio Urteagak bestalde, laguntzaile bat hartuko luke elkarteko lanak egiteko. "2001ean hasi ginen Argentinarako arropak batzen. Aduana arazoak tarteko, ez ditugu dagoeneko hara kontainerrak bidaltzen, baina arropak, oinetakoak eta jostailuak jasotzen jarraitzen dugu. Oñatiko Caritas elkartearendako batzen dugu, lehen bezala, eta horrek du lehentasuna. Gipuzkoako Caritas elkartearendako furgoneta bat edo bi betetzen ditugu hilero", dio Urteagak.

Bere osasuna zaintzeko denbora gehiago hartu gura du Urteagak eta laguntzaile batekin partekatu gura ditu lanak: "Trinik ere asko laguntzen dit eta horrelako beste lagun bat prest balego, oso ondo. Umorea baino ez da behar lan boluntario hau egiteko. Interesa duenak niregana etortzea baino ez du egin behar".

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.