Aloñak ezin izan du golik egin eta oñatiarren egoera "asko okertu da"

Maider Arregi 2017ko mar. 12a, 19:21

"Hil ala biziko" partidu horietakoa zeukan gaur Aloñak Azkoagainen, etxean; final kutsukoa. Baina, ezin izan diote Lesakakoei golik egin. Oñatiarren jokoak itxaropenerako aukera ematen bazuen ere, ezin izan dute punturik lortu eta 0-1ekoaz galdu egin dute partidua Beti Gazte taldearen aurka. 

Lehen zatian, aukerak

Partida hasi aurretik Iker Jausoro Murgiondoren izenean minutu bateko isilunea gorde dute. Iker 80 eta 90eko hamarkadetan Aloña Mendi K.E.ko jokalari izan zen.

"Partida hasi eta berehala, lehen minutua bete baino lehen, Aimar Lizarrak lehen gola sartzeko aukera bikaina izan du, baina Lesakako  atzelari batek baloia desbideratzea lortu du. Ondorengo minutuetan oñatiarrak izan dute baloiaren jabetza, eta aukera politak sortu dituzte. Baina, golik ez da igo markagailura. Aipagarria 37. minutuan Josu Juaristiren falta jaurtiketa zutoinera bete-betean joan dena. Lehen zatia amaitzear zegoela area ertzean Lesakakoen aldeko falta adierazi du epaileak eta Beñat Conderen jaurtiketa bikainari erantzun aparta eman dio Mikel Aginagaldek. Husnako berdinketarekin iritsi da atsedenaldia", azaldu dute Aloñamendi K.E. ekoek.

Bigarrenean ezin golik egin

"Bigarren zatia oñatiarren presioarekin hasi da, baina Aloñako jokalariak ez dira gai izan aukera garbirik sortzeko. Jokaldi isolatu batean, 64. minutuan, korner baten ostean,  baloia ate barrura bultzatu dute aurkariek eta partidako gol bakarra lortu dute egitea. Hortik aurrera lesakarrak atzealdean sendo kokatu dira, eta kontraeraso azkarretan partida erabakitzeko hiruzpalau aukera izan dituzte, baina Mikel Aginagaldek, geldiketa bikainekin, aukera horiek zapuztu ditu".

Hala, gaurko porrotarekin Gotzon Urzelai eta bere mutilen egoera asko okertu da eta jaitsiera postuetatik ihes egitea ez dute lortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak