"Feministak izan behar gara egunero, orduro eta minuturo. Eta hemendik feminismora batzeko deia egiten dugu, denon artean mantenduko eta lortuko ditugulako emakumeon eskubideak", azaldu zuen Andraitz talde feministako Lourdes Arregik Martxoaren 8ko elkarretaratzean. Izan ere, oraindik lan asko dago egiteko.
Selma Huxley beka
Oñatiko udaleko berdintasun sailak lehendabizikoz emango du ikerketa beka eta hori Emakumeen Eguna ospatzeko antolatu diren gainerako ekitaldiekin batera sartu dute egitarauan. Selma Huxley izena darama eta aurkezpena martxoaren 29an egingo dute. Ekitaldia borobilduz, gerra eta emakumeen memoria historikoaz mahai ingurua egingo da Irantzu Mendia eta Amagoia Gurrutxagarekin.
Selma Huxley bekaren helburua da Oñatiko emakumeek historian zehar egindako ekarpenak (lanean, bizitza sozialean, ekonomian, politikan, kulturan...) aztertzea eta plazaratzea. 12.000 euroko diru laguntza da.