Batetik, bi lasterketa egingo dituzte bihar, egubakoitza: umeena eta nagusiena. "Umeena 17:00etan hasiko da Foruen plazan eta udaletxeari emango diote buelta. Nagusienean 16 urtetik gorakoek hartuko dute parte. 18:30ean hasiko da enpresagintza fakultate parean eta bost kilometroko ibilaldia egingo dute herri barruan. Foruen plazan bukatuko da. Musika egongo da lasterketa girotzeko eta bukaeran sariak banatuko ditugu. Umeen zein nagusien lasterketetan helburua da jendeak bikoteka parte hartzea, neska-mutiko bikoteak badira hobeto. Helburua da berdintasunaren mezua zabaltzea", adierazi du Mireia Igartzabalek, lasterketa antolatzen ibili den enpresagintza fakultateko ordezkariak.
Bestetik, Kilometroak 2017ko lantalde baten laguntza ere izan dute ekitaldia antolatzeko eta Lekaixoka! egingo dute korrika parte-hartzaileek. "Lekaixoka!ren irudia egongo da Foruen plazan eta sari banaketan ere hartuko dugu parte. Banatuko diren sarietako batzuk Kilometroak 2017ko produktuak izango dira", adierazi du Txantxiku ikastolako Edurne Retegik.