"Alaia" eta "argia" zela gogoratuko dute Iker Jausoro

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko mar. 3a, 09:21
Iker Jausoro (Argazkia: IHM)

Ezkarain hil zen Iker Jausoro joan den domekan, elur-erraketekin zeharkaldia egiten menditik amilduta. Haren heriotzak samina eragin du herrian. Bereziki Oñatiko EAJ alderdian, Aloña Mendi kirol elkartean eta kide izan zen herriko beste eragileen artean.

Aloña Mendiko futbol taldean gogoan dute mutikotatik ibili zela bertako taldean. Maila ezberdinetan jokatu zuela, gorenera heldu arte. "Berak sartu zuen, hain zuzen ere, Aloña Mendi hirugarren mailara igo zuen gola, Azkoitiko Lagun Onak taldearen kontra. 92-93 denboraldian izan zen hori. Gogoan dut. Aldagelan ere giroa sortzen zuela ere akordatzen naiz", dio Jabi Azpiazu Aloña Mendiko presidenteak.

Politikagintzan ere hutsunea sortu du, udaleko ardura lanetan ere jardun zuen-eta. EAJ alderdiko zinegotzi izan zen 1999-2003 agintaldian. "Euskarako batzordeburua izan zen bera. Lan asko eta ona egin zuen. Gogoan dut astean behin egiten genuela bilera taldekideok eta Ikerrek beti egiten zuela ekarpenen bat, gaia edozein izanda ere. Oso argia eta bizia zen. Euskarako gaia ez izan arren, beti ematen zuen bere iritzia. Oso irizpide, kriterio, ona zuen" adierazi du Anjel Iturbek.

Kale Zaharrekoa izanik, San Migel Txiki jaiak antolatzen ere ibilitakoa zen Iker. Baita GOIENAko sorreran ere. "Mekalki enpresako Pertsonen arduraduna zen 2000 buelta horretan, eta hautaketa prozesuetan lagundu zigun", gogoratzen da Goienako presidente ohi Mikel Irizar. Goienako langileen konpetentzia profilak egiten lagundu zuen berak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak