Oñatiko sarreran, Garibaitik, egunero egoten den trafiko astuna pixka bat moteltzeko, arriskuak ekiditeko eta segurtasuna bermatzeko helburuarekin, errepide tarte horri irtenbide bat emateko eskatu dio Oñatiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako sailari. "Otsailaren 2an egin genuen bilera eta Udaleko eta Aldundiko ordezkariekin batera Ulma enpresako zuzendaria eta presidentea ere egon ziren. Baita LKSko ordezkariak ere. Eta bilera horretan eskatu genuen arazo honi irtenbidea emango dion proiektu bat egitea", azaldu du Mikel Biain alkateak.
Irtenbide hori izan daiteke bi biribilgune egitea errepide zuzen horretan: bata Garibain (Ulma eraikuntzak enpresaren parean) eta bestea Goribarren (Urbieta baserri ondoan). "Biribilgunean jartzeko aukera aztertu dute dagoeneko eta proiektua lantzen hasita ere badaude, baina oraindik ez da zehaztu ez eperik ez aurrekonturik. Gure asmoa, hala ere, 2018ko aurrekontuetan horretarako diru partida bat sartzea izango da", zehaztu du Biainek.
Aurretik ere eskaerak egin dira arazoa konpontzeko, baina egungo egoera beste bat dela dio Biainek, eta iruditzen zaio bereziki orain dela momentua lehengo eskaerarekin jarraitzeko: "Ulma enpresaren Packaing negozioak eraikin berri bat egin du San Pedroko bidegurutzearen parean eta horrek ibilgailu kopurua handitu egingo du. Bestalde, bide gorriaren beste aldean ere badu eraikina jasota Ulmak, eta adostu zen lursail horietan enpresa handitzean biribilgunea egitea Garibain".
Arriskua
Garibaiko auzotarrek pozik hartu dute biribilguneak egiteko aukera aztertzen duen asmo hau, baina mesfidati ere badaude. "Askotan eskatu dugu zerbait egiteko, sinadurak ere behin baino gehiagotan batu ditugu eta eskaera horiekin entregatu. Seinale gehiago jarri eta bazterrak garbitu dituzte, baina horrek ez du arazoa konpondu. Oraingo bilera eta asmo hau beste pausu bat da, eta pozik gaude, bai, zerbait egin beharra dago-eta", dio Garibaiko auzo alkateak, Juan Guridik.
Egunero 10.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira errepide tarte horretan. Trafiko astunak autobus geltokiak ere ia baliogabetu dituela gehitu du alkateak, eta San Pedroko zein Mieleneko geltokiak berreskuratzeko ere eskatu diote Aldundiari.