Arratsaldeko 6:30ean hasita, urtero legez Luzaideko dantzak egin dituzte Oñatz dantza taldekoek gaurko aratuste domekan. Behe Nafarroako herri horretan Bolanteen eguna ospatzen dute, eta egun horretan egiten dituzten zenbait dantza ekarri dituzte herrira Oñatzekoek, txistularien eta soinu joleen musikaren doinuaz lagunduta. Erraldoi bikote bat ere izan dute lagun.
Kaletik plazara
Lehenengo kalez kale aritu dira dantzak egiten. Kalejira horretan egin dituztenak Bolanteen eguneko dantzen zatiak izan dira, Oñatzeko Iñigo Murgiondok azaldu duenez. Bada, kalejira hori Herriko Plazan bukatu da, eta bertan, beste 20 bat minutuz jarraitu dute dantzariek emanaldiarekin, kasu honetan, baina, dantza guztiak osorik eginez.
Dantzatutakoen artean, Egi, Ostalerrak eta Marianak, emakumeek edo gizonek, bananduta egiten dituztenak. Horrez gain, jauziak eta kontradantzak ere egin dituzte, guztiek batera.
Murgiondok dio "polita" izan dela gaurkoa, eta herritar dezente gerturatu direla dantzok ikustera; horregatik, "pozik" daude arratsaldeak eman duenarekin.