Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarra eta Iñigo Eizagirre zarauztarra aurrez aurre ibili dira lehian gaur, Oñatiko Foruen plazan, harri-jasotzaile gazte onenaren txapela jokoan zegoelarik. Estu joan da finala, azken probara arte, baina Peñagarikanok 100 kiloko harri borobilarekin nagusitasun handia erakutsi du, eta azkenean, 22 urteko gazteak eskuratu du garaipena.
Atutxa-Mugartza II eta Vicente-Irazu, finalera
Aizkolarien arteko lehia polita ere bizi izan dute oñatiarrek. Izan ere, Eusko Label Binakako Aizkolari Txapelketako bi finalerdi jokatu dira. Lehenengoan, Atutxak eta Mugartza II.ak, azken bi urteetako irabazleek pronostikoak bete dituzte, eta erraz nagusitu dira, Lopez de Azpilikuetaren eta Otañoren kontra. Lehenengo hiru saioak Atutxa-Mugartza II bikotearendako izan dira, eta azkenengoan, Lopez de Azpilikueta eta Otaño azkarragoak izan diren arren, ezin izan diete denbora nahikoa errekuperatu.
Bigarren finalerdian, aise irabazi dute Vicente eta Saralegi nafarrek. Nafarroako txapeldunak eta txapeldunordeak dira, eta lehengusuak gainera, eta gaurkoan, Mindegia eta Irazu baino gehiago izan dira, proba guztietan.
Azikolarien final handia, martxoaren 5ean jokatuko da, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.