Une erabakigarrietan nahi eta ezin ibili da Izarraitz Aloña Mendi Basaurin (27-20)

Mireia Bikuña 2017ko ots. 19a, 09:49
Bigarren zatiko 19. minutuan ipini de lehen aldiz Basauri aurretik markagailuan (14-13) eta han bukatu da partidua. Ordura arte oñatiarrek agindu dute markagailuan eta jokoan. Bereziki, lehen zatian. Baina, bizkaitarrak aurreratu direnean, ez dute egoerari bueltan ematen asmatu. Emaitza horrekin, Basauri da Euskal Ligako líder berria.
Euskal Ligako bi talde indartsuenak dira eta Artaunduaga kiroldegian erakutsi dute. Sailkapenari eta igoera faseari begira partidu garrantzitsua zen eta igarri da kantxan.
 
Oñatiarrek kontzentratuta hasi dute partidua. Bizkaitarrak, urduri. Eta hori ezagun izan da markagailuan. 0-4 aurreratu da Izarraitz Aloña Mendi. Basaurik lehen gola 11. minutuan sartu du. Gorabeherak gorabehera, Aloñak jakin izan du partiduari erritmoa ipintzen eta abantaila mantentzen, atsedenaldirako bost minutu falta zirena arte. Orduan berdindu du lehia lehen aldiz Basaurik (7-7) eta bi taldeen arteko parekotasuna agerikoa izan da. Atsedenean, 9-9 erakusten du markagailuak.
 
Ordurako bi taldeetako jokalari bana  lehiatik kanpo zeuden. Basauriko jokalariak txartel gorria ikusteagatik eta Aloñakoa, lesionatuta.

Basauriren erreakzioa

Atsedenaren ostean, parekotasuna izan da nagusi, 15. minutura arte. Basauri berriro ipini da aurretik markagailuan (15-14) eta Aloñarendako kolpe gogorra izan da. Erasoan jaurtiketa garbiak egiteko samurtasuna galdu du Aloñak, eta, gainera, defentsan akats gehiegi egin ditu.
 
Une erabakigarrietan Basaurik erakutsi du eskarmentu handiagoa. Jokalariak ondo aukeratu ditu entrenatzaileak, eta, apurka-apurka markagailuako abantaila handitzen joan dira, lehia erabakita utzi arte.

Lider aldaketa

Sailkapenerako eta igoera faserako garrantzitsua zen gaurko lehia. Basaurik irabazi ostean, bizkaitarrak dira Euskal Ligako líder berriak, Aloñaren puntu berberekin. Baina. gol aldea bizkaitarren aldekoa da (Zubikoan, joaneko partiduan, 28na berdindu zuten).
 
Liga bukatzeko sei partidu geratzen dira. Txapeldunak igoera faserako txartela zuzenean lortuko du. Bigarren lekutik bosgarrenera sailkatzen direnek, aldiz, kanporaketa bat gehiago jokatu beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak