"Altsasun sufritu dugun muntaia desmuntatzera etorri gara"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ots. 18a, 14:00

"Altsasun sufritu dugun muntaia desmuntatzera etorri gara eta argi esatera muntaiak ezin direla epaitu". Altsasuko Herri Asanbladako Unai Oterminek hitz horiekin azaldu du gaur, otsailak 18, Oñatiko kultura etxean eman duten hitzaldiaren helburua. Fan Hemendik taldeak antolatu du saioa.

Fan Hemendik taldeak gonbidatuta, Altsasuko gertaerak nola izan ziren eta "aspalditik" jasaten duten "errepresioaren" adibideak kontatu dituzte, besteak beste, Unai Oterminek eta June Bengoetxeak. "Komunikabideek Altsasun gertatu denaren inguruan ematen duten ikuspegia ez da erreala eta, bide batez, herri osoak jasan duen kriminalizazioa salatzera gatoz. Gure hamaika lagunen askatasun osoa exijitzen dugu; hau berriro gertatu ez dadin premiazkoa ikusten dugu desmilitarizazioaren gaia mahai gainean jartzea", adierazi dio Oterminek GOIENAri, saioa hasi aurretik.

Hitzaldi bira, "muntaia desmuntatzeko"

Bengoetxeak, bestalde, gaineratu du hitzaldi bira batekin hasi zirela urtarril erdialdean. Apiril erdialdera arte gutxienez Euskal Herriko hainbat txoko bisitatuko dituzte: "Desmilitarizazioa Piztuz izena jarri genion. Gure helburuen artean daude komunikabideek zeharo desitxuratu duten errealitatea kontatzea eta mahai gainean jartzea desmilitarizazioaren gaia. Izan ere, Altsasu adibide bat da baina jakin nahi dugu beste herrietako errealitatea zein den". Oñatiko Fan Hemendik taldearekin harremana estutzeko aukera ere eman du gaurko saioak: "Oñati ere bada leku interesgarria ideiak partekatzeko eta egoerak ezagutzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak