Aizkolariei dagokienez, Euskal Label Binakako Txapelketako finala dago jokoan. Lehenengo finalerdian aurrez aurre izango dira Atutxa eta Mugartza II.a, eta Lopez de Azpilikueta eta Otaño: "Azken bi urteotan Atutxa eta Mugartza izan dira irabazleak, eta aurten ere faboritotzat joko nituzke", dio Angel Villar antolatzaileak. Bigarren saioan, ostera, Vicente-Saralegi bikoteak Irazuren eta Mindegiaren kontra neurtuko ditu indarrak: "Hor, berriz, bikote gaztea ikusten dut indartsu, Vicente eta Irazu. Dakitenek diote Vicentek hartuko diola Atutxari erreleboa".
Egin beharreko lana
Aizkoran bikote bakoitzak 24 enbor izango ditu zain, bost eratan mozteko. Erlojuaren aurka enbor bana moztu beharko dute, zutik txanda librean ibiliko dira, abiadura saioa izango dute, zutik eta etzanda enbor bana moztuko dute, eta sei enbor txanda librean ebaki beharko dituzte.
Harri-jasotzaile gazteen arteko finala
Aurten lehenengoz egin dute gazte mailako harri-jasotzaileen arteko txapelketa, eta domekan finala jokatuko dute Oñatin. Horrenbestez, aizkolarien arteko lehiarekin batera, harria jasotzen ibiliko direnen artean ere asko egongo da jokoan, txapela bera. Aizarnazabalgo eta Zarauzko ordezkari bana izango da zein baino zein gehiago harria jasotzen: Xabier Peñagarikano eta Iñigo Eizagirre, hain zuzen. Bada, Villarrek hor ere garbi du noren alde egingo zukeen apustu: "Egia da Peñagarikano ez dudala aspaldian ikusi, baina aurreko saioan Beasainen izan nintzen –finalerdia egon zen jokoan– eta Eizagirre oso indartsu ikusi nuen. Atera kontuak, 22 urte baditu ere 92 kilotako gizontzarra da, kolpe handia duena. Bada, oso zail ikusten dut hari irabaztea. Harri-jasotzaileek, lau harri izango dituzte lanerako. Harriko bi minutuko txandak egingo dituzte: 125 kiloko kuadroa, 125 kiloko kopa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.