"Tokiko ekonomia eta enplegua sustatu eta oñatiarren enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin", sozioekonomiaren alorrean lau lan ildo jorratzen jarraituko dutela adierazi dute udaleko jeltzaleek: enplegua eta ekintzailetasuna bultzatzeko urteko planaren garapena, Oñatiko Turismo Plan Estrategikoaren berrikuntza, herriko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko Leihatila Bakarra izeneko udal zerbitzuaren ezarpena, eta tokiko merkataritzari, autonomoei, lehen sektoreari eta enpresa ertainei zuzendutako berrikuntzarako aholkularitza programen sorrera. Diote, udalari dagokiola enpresa txiki horien egungo egoera "indartzeko eta hobetzeko egitasmoak" proposatzea, "baita belaunaldiarteko erreleboa ahalbidetuko duen irtenbideak eskaintzea ere". Eta e-Commerce merkataritza elektronikoaren bitartez, "aholkularitza eskainiko duten programak indartzea" planteatzen dute, "guztien lehiakortasun eta eraginkortasuna hobetu ahal izateko". Hori egiteko proposatzen dituzte bi bide: banakako aholkularitza eta Oñatiko saltokientzat plataforma komuna sortzea.
Hori guztia egiteko, baina, tresna egokiena "Leihatila bakarra" izeneko udal zerbitzua dela berretsi du udaleko talde jeltzaleak prentsa oharrean. "Zerbitzu hori martxan jartzeak, sektore hauek garai berrietara egokitutako zerbitzua eskaintzeko aukera izatea eta berrikuntza teknologikoan oinarrituz sareetan duten presentzia areagotzea ahalbideratuko luke", jeltzaleen iritziz.