Haizeari eta euriari aurre eginez, 1.500 pertsona inguru Kilometroak Txikian

Miren Arregi Amasorrain 2017ko ots. 12a, 16:16

Irailak 24ko Kilometroak egunera begira, lehen proba izan da gaurkoa, egun handirako prestatzen ari diren ibilbidearen zati bat probatu baitute gaur Oñatin. Goizeko hamaiketan hasi dute jaia Txantxiku Ikastolako patioan eta handik, plan bukatu den ibilbidean barrena abiatu dira 1.500 herritar inguru. Umeak izan dira gaurko protagonista: "Gaur eurak protagonista izatea gura genuen eta lortu dugu", esan du bukaeran Txantxiku Ikastolako zuzendari Zigor Ibartzabalek.

Gustura gelditu dira antolatzaileak goizak eman duenarekin. Eguraldiak ez du gehiegi lagundu baina oñatiarrak animatu dira Kilometroak Txikian parte hartzera eta azkenean, zirimiri eta haizeari aurre eginez, 1.500 pertsonak egiten dute lau kilometrotako ibilbidea. Bidean ez da musikarik falta izan, trikitilari eta txarangaren laguntza izan baitute parte hartzaileek. Plazan eman zaio bukaera egunari, umeendako jokoekin. Mokadutxoa jateko aukera ere egon da eta Kilometroetako arropa ere erosteko aukera izan da.

Esker hitzak

Auzolana da 2017ko Kilometroak egunerako Txantxiku Ikastolaren lan ildoetako bat eta gaur ere argi gelditu da horretatik badutela. "Gaurko egunak antolakuntza lan dezente eskatu digu eta herriak ondo erantzun du. Ezin izango genuke Kilometroak jaiaren bueltan lanean ari diren guraso, irakasle, ikasle eta herritarren laguntza barik egin. Lehen esker hitzak eurendako dira, baita lagundu gaituzten erakunde eta babesleendako ere", adierazi du Ibartzabalek.

Irailak 24ra begira

Ikastolen Elkarteko Kilometroetako koordinatzaile Mikel Egibarrek, bestetik, lanaren eta ondo pasatzea elkarrekin lotuta doazela nabarmendu du. "Biak dira bateragarriak eta gaur hori ere argi gelditu da", adierazi du. Eta gaineratu du: "Gaur haur eta gazteekin egindako zirkuituak balioko digu Irailak 24ko hori ondo prestatzeko. Kilometroak metroka eraikitzen dira eta gaur metro bat baino gehiago egin ditugu". 

Mugikortasun arazoak dituztenendako egokia

Gaurko ibilbidea egitera Trauti elkarteko kideak gonbidatu dituzte antolatzaileek. Ibilbidea mugikortasun arazoak dituzten herritarrendako egokia izan dadin gura du antolakuntzak eta gaur Trautiko hiru kide izan dira bertan. Euren esanetan, "oso ondo dago ibilbidea, arazo barik egiteko moduan". Zerbait esatekotan, adierazi dute, Santa Lutziatik Murgialdai baserrirako tartean lurra jasota dagoela toki batzuetan. "Hala ere, ez da zati guztian eta hori saihestuta aise egin daiteke aurrera" adierazi dute. Trauti elkartekoak oso eskertuta agertu dira, Txantxiku Ikastolak kontutan hartu dituelako ibilbidea osatzerako orduan.

Erlazionatuak

Kilometroak Txikia ARGAZKIAK

Miren Arregi Amasorrain 2017 ots 12 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak