Sei laguneko taldea da Txinparta 1. Urko Egaña, Andoni Goitia eta Joseba Lasagabaster bertsotan aritzen dira; Mirari Sagarzazu da gai jartzailea; Julen Iriondo epailea eta Iñaki Olalde koordinatzailea. Zapatuko bertso afarian, Oiartzungo Martzeliña taldea izan zuten aurkari eta saio txukuna osatu ostean, etxekoak atera ziren garaile. "Euren taldean Jon Martin zegoen, bertsolari ezaguna, eta ondo bete zuen bere lana", adierazi du Lasagabasterrek. Hala ere, oñatiarrak dotoreago aritu ziren eta eurek eskuratu zuten garaipena: "Ez dakit hori den garrantzitsuena, edo giro onean abestea eta jendeari goza araztea", dio Lasagabasterrek. "Ni neu aspaldi nengoen abestu barik eta atzo oso sentsazio onarekin gelditu ginen", gaineratu du.
Hurrengoa Zumarraga-Urretxun
Martxoaren 11an izango dute bigarren saioa oñatiarrek. Orduan, Zumarraga-Urretxuko taldea izango dute aurkari eta saioa han jokatuko dute. "Ezagutzen ez ditugun bertsolariekin harremana egin eta eurekin abestea polita da", erantsi du.