Hiru txirrindulari oñatiar ariko dira aurtengo denboraldian amateur mailan. Umerez eta Murgiondo Ampo taldean ariko dira eta Txintxurreta, berriz, Debabarrena taldean.
Umerezek bigarren denboraldia hasiko du aurten. Hala ere, belauneko arazoak direla eta, geroago hasi beharko du denboraldia. "Iaz ebakuntza egin zidaten meniskoan, baina ez zitzaidan ondo jarri. Orain arte, ahal dudan moduan entrenatu naiz, baina orain ebakuntza egin berri didate, eta, uda parterako lehiatzeko moduan egoten banaiz, albiste ona izango da", azaldu du.
Murgiondo gogotsu dago erronka berriari aurre egiteko, betiere, maila honi dion errespetua nabarmenduz: "Jendea beste maila batean dago, eta lehiatzeko modua ere oso ezberdina da. Beraz, ikusiko dugu taldekideei laguntzeko eta lasterketak amaitzeko gai naizen, hori izango da helburua", onartu du.
Azkenik, Txintxurretak ere denboraldia hasteko gogoz dagoela azpimarratu du: "Hasierako asmoa da lehenengo lasterketetan kategoria berrira ohitzea, erritmora egokitzea eta, batez ere, ikastea. Hortik aurrera, ikusiko dugu noraino iristeko gaitasuna daukadan. Kategoria serioa da amateurra, maila handia dago, baina gogotsu nago", dio Txintxurretak.
Garazi Erostarbe, junior mailan
Emakumezkoetan, Garazi Erostarbe oñatiarrak junior mailarako jauzia egingo du aurtengo denboraldian, eta Gipuzkoa-Ogi Barri taldearekin ariko da. Iazko denboraldian, Caja Rural taldean izan zen Erostarbe, kadete mailan.