Herri Arteko Txapelketako estreinaldian bertsolari oñatiarrek neurria eman dute

Xabier Urtzelai 2017ko ots. 4a, 17:20
Zarauzko eta Oñatiko bertsolari eta taldekideak, saio amaieran egindako talde erretratuan. Argazkia: Xabi Igartua.

Atzo, egubakoitza, hasi zuten Oñatiko Txinparta 2 taldekoek –Oñatin bi talde daude– Herri Arteko Txapelketa, Zarautzen. Ez zuten zeregin makala, zarauztarrek hiruko indartsua daukatelako, baina "saio txukuna eginda" itzuli ziren etxera.

Lehenengo fase honetan Txinparta 2 taldearekin batera multzoa osatzen dute Zarautzek eta Asteasu-Zizurkilek. Bada, lehenengo saioa zarauztarren etxean egin zuten atzo, egubakoitza, Txikipolit jatetxean: "Harrera polita izan zuen saioak, ehun lagundik gora geunden aretoan", adierazi du Xabi Igartuak. Oñatiko hirukoa osatu zuten Maider Arregik, Gontzal Belategik eta Urko Arregik: "Lan txukuna egin zuten, orokorrean ondo egon zen saioa. Baina, egia da aurrean izan zituzten bertsolariak maila oso onekoak direla, zarauztarrek dute-eta talde indartsuenetako bat. Iñigo Manzisidorrek, Naikari Gabilondok eta Felix Zubiak osatzen dute zarauzko hirukoa, eta horiek puntako bertsolariak dira". Saio azkarra izan zen, ikusleendako arina, formatuak berak horretan laguntzen du-eta: "Gainera, ariketa batzuk ezohikoak dira. Neurri batean, esperimentatzeko fasea da".

Bada, epaileek saio amaieran 18 puntu eman zizkien zarauztarrei, eta oñatiarrek 6 puntu ekarri zituzten bueltan. Bertsolariek martxoaren 12ra bitartean jokatuko dute lehenengo fase hau, eta hiru talde horietatik lehenengoak egingo du aurrera, hurrengo fasera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak