Herstura musika talde oñatiarrak hirugarren lana grabatu berri du, Metamorfobia izenekoa, eta hilabete honetan aurkeztuko du. Hain zuzen ere, otsailaren 25ean Oñatiko gaztelekuan izango da disko berriaren aurkezpena, Willis Drummond talde ezagunarekin batera eskainiko duten kontzertuan.
Zazpi abestiz osatutako lana da Metamorfobia, lehengo musika estiloari eutsiz, Jagoba Martin Herstura taldeko kidearen esanetan. "Nahiko berdintsua da disko berria. Desberdintasun bakarra, agian, abesti luzexeagoak direla, baina, bestela, oso antzerakoa da", adierazi du.
Andoaingo Garate estudioan grabatu du diskoa talde oñatiarrak. "Grabatu, nahastu eta masterizatu astebetean egin dugu, guztia ondo joan da", azpimarratu du Martinek.
Hirugarren lana
Esan bezala, taldearen hirugarren lana da Metamorfobia. Izan ere, aurretik beste bi lan ere badituzte oñatiarrek. Batetik, Herstura, lehenengoa, sei abestiz osatutakoa. Eta, bestetik, Annuis Coeptis, lau abestiz osatutakoa.
Honako hauek osatzen dute taldea: Jagoba Martin gitarra eta ahotsak; Xabi Pico gitarra eta ahotsak; Unai Pata baxua eta ahotsak eta Mikel Marco bateria eta ahotsak.
Kontzertuan diskoa salgai
Otsailaren 25eko kontzertuan jarriko dute salgai diskoa. "Oraindik ez dugu erabaki ze preziotan egongo den salgai, baina kontzertuan erosteko aukera egongo da. Gainera, herriko taberna batzuetan ere jarriko dugu ordutik aurrera", nabarmendu du Martinek.