Senior mailako bi taldeak, lider

Eneko Azurmendi 2017ko ots. 3a, 09:48
Eskubaloiko seniorren bi taldeak batera entrenatzen dira eta talde bakarra direla diote, nahiz eta bi ligatan jokatu.

Denboraldi bikaina egiten ari dira gizonezkoen senior mailako bi taldeak; Euskadiko Ligan, Izarraitz-Muñoz Aloña Mendik lehenengo postua sendotu du Pulpori irabazita eta 2. Lurraldeko Txapelketan, Muñoz-Izarraitz Aloña Mendik ez du partidurik galdu. Emakumezkoen taldea, berriz, atzetik aurrerako bidea egiten ari da.

Sasoi betean daude eskubaloiko senior mailako gizonezkoen bi taldeak. Goren-gorenean daude bai Izarraitz-Muñoz Aloña Mendi, baita Muñoz-Izarraitz Aloña Mendi ere.

Lehen taldea, Izarraitz-Muñoz Aloña Mendi, Euskadiko Senior Ligako liderra da, hamahiru partidu irabazita, bi berdinduta eta bakarra galduta. Bigarren sailkatua, Basauri Indupime, bi puntura dago.

Muñoz-Izarraitz Aloña Mendiri dagokionez, lehen sailkatua da Gipuzkoako 2. Lurraldeko Txapelketan, partidurik galdu gabe –hamaika partidu irabazita eta bakarra berdinduta–.

Bi liga ezberdinetan jokatzen badute ere, argi dute talde bakarra direla, eta behin eta berriz azpimarratzen dute horrek daukan garrantzia, bai kantxan, baita kantxatik kanpo ere. "Hasieratik garbi izan dugu talde bat izan behar ginela, eta ez ditugu bi taldeak bereizten. Jokatzeko momentuan eta deialdia egiteko momentuan bakarrik bereizten dira bi taldeak; gainontzekoa elkarrekin egiten dugu guztiok", azaldu du Aitor Aranburuk, lehen taldeko entrenatzaileak.

Bere garaian, senior mailan bi talde egon zirenean, "oso bereizita" egon ziren eta gauzak ez ziren ondo irten, Aranbururen esanetan. "Orain, planteamendu berri honekin, ikusten da eraginkorra dela bi taldeek talde bakar moduan funtzionatzea", gaineratu du.

Igoera helburu

Biek ala biek mailaz igotzea dute helburu aurtengo denboraldian. Izarraitz-Muñoz Aloña Mendi iaz ere goiko postuetan ibili zen, baina ezin izan zuen igoera lortu. Aurten, gaur-gaurkoz daukan lehenengo postuari eusten badio, igoera fasea jokatzeko aukera izango du. Horretarako, hurrengo pausoa asteburu honetan Ford Mugarriren aurkako derbia izango da Arrasaten, domekan 11:00etan.

Muñoz-Izarraitz Aloña Mendiri dagokionez, helburu nagusia jokalarien prestakuntza da. "Lehen helburua, betiere, jokalarien formazioa da. Esperientzia hartu, lehiatu eta lehen taldean bajaren bat badago, jokatzeko moduan egon daitezen da gura duguna", azaldu du Francisco Benitok, bigarren taldeko entrenatzaileak. Helburu nagusia hori bada ere, taldea egiten ari den denboraldia ikusita, igoera ere helburu bilakatu da. "Ea igoera lortzen dugun. Hala, datorren denboraldian lehiakortasun handiagoa izango dute jokalariek, eta, formazio horri begira, pauso bat aurrera egin ahal izango dute Gipuzkoako I. Lurraldeko Txapelketan", dio Benitok.

Igoera hori lortzeko, nahikoa izango dute lehenengo bi postuetan sailkatzea, eta, orain artekoa ikusita, hiru talde egongo dira bi postu horiengatik borrokan, sei partiduren faltan. Zapatuan, 18:00etan, Egia Kata Taberna taldea hartuko du Benitoren taldeak, Zubikoan.

Neskak, atzetik aurrera

Emakumezkoen Euskadiko Senior Mailan, denboraldi hasiera txarrari buelta ematen ari da pixkanaka Iturritxo Taberna Aloña Mendi. "Gabonetatik bueltan, partidu bat irabazi dugu eta bi galdu, baina azkena Bera Beraren aurka izan da, gauza jakina zen. Gure aurkari zuzenari irabazi egin diogu, eta ea pixkanaka egoerari erabateko buelta ematen diogun", azaldu du Ixone Lizarra entrenatzaileak. Zapatuan, 16:00etan, Elgoibar taldea hartuko dute, etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak