EderMobilityServices enpresak jarriko du abian egitasmoa, eta SD Logistica arduratuko da banaketaz. Auto elektrikoarekin egingo da banaketa eta herriko komertzio eta denda ugarik egin dute bat egitasmoarekin.
"Hiru hilabetez, denda horietan erosketak egingo dituzten oñatiarrek, herrigunekoek zein baserri edo herritik kanpo dauden auzoetakoek, euren etxeetan erosketak jasotzeko aukera izango dute. Zure erosketa etxean da zerbitzuaren izena eta hiru hilabetez Oñatin gauzatzea da asmoa, gero negozio eredu bideragarria den frogatzeko", azaldu dute arduradunek.
Zerbitzuaren erabiltzaileek egitasmoarekin bat egin duten komertzio eta dendetan pegatinak ikusiko dituzte, zure erosketa etxean leloarekin. "Hala, komertzioan zerbitzua eskatu, bizilekuaren datuak eman eta modu erosoan jasoko dituzte erosketak etxean", azaldu dute bultzatzaileek.
Zerbitzuak astelehenetik ostiralera bitartean goizez, 11:00etatik 14:30era, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara funtzionatuko du. Baita zapatuetan ere, goizez.