1-3 galdu du Aloña Mendik etxean Anaitasunaren kontra

Oihana Elorza Gorostiza 2017ko urt. 29a, 19:19
Anaitasunako eta Aloña Mendiko jokalari bana baloia hartu guran 16:30ean Azkoagainen jokatu duten partiduan

Lehen minutuan sartu du etxeko taldearen gol bakarra Martxel Aiastuik. Atsedenaldirako, beste bi sartu dituzte azkoitiarrek. Bigarren zatian berdinketa lortzekotan egon da Aloña Mendi, baina eraso azkar baten ondorioz hirugarrena sartu du Anaitasunak, luzapenean. Datorren asteburuan Mondraren kontra Arrasaten jokatuko duten derbia prestatzen hasiko dira orain oñatiarrak.

Korner baten irteeran, partiduaren lehendabiziko minutuan, etxekoen gola sartu du Martxel Aiastuik. Gol horren ostean azkoitiarrak berdinketaren bila joan dira. Ordu laurdena bete denean berdinketarako aukera bikaina izan du Anaitasunak baina aurrelariak ez du asmatu. 18. minutuan, azkoitiar batek areaz kanpotik egindako jaurtiketa gogor batek langa jo du, eta baloia kanpora joan da. Presio horren ondorioz, 21. minutuan, berdinketaren gola iritsi da. Jokaldi horretan, kornerra atera dute azkoitiarrek, eta Markezek, buruz, gola lortu du. Anaitasunakoak baloiaren jabetzarekin jarraitu dute, eta 30. minutuan falta baten ostean 1 eta 2koa iritsi da. Falta horretan areaz kanpotik jaurtiketa egin du talde bisitariaren erdilariak eta Beitiak buruz ikutu ostean baloia Mikel Aginagalderen atean sartu da.

Bigarren zatiko lehen minutuetan oñatiarrak presio handia eragin dute, eta gol aukera batzuk sortu dituzte. Hala ere, ez da berdinketaren gola iritsi. Ondorengo minutuetan ere baloiaren jabetza Aloñako jokalariena izan da, baina ez dira gai izan presio horri etekina ateratzeko. Partidaren luzapeneko azken minutuan kontraeraso azkarra gauzatu dute azkoitiarrek, eta Pastrainek partida erabaki du.

Jokoa bizia egin dute norgehiagoka jokatu duten bi taldeek eta alde batek zein besteak aukerak izan ditu gol gehiago sartzeko. Aloña Mendiko jokalariak asko saiatu dira horretan, bigarren zatian batez ere, baina ez dute lortu.

Ordoñez izan da gaurko partiduko epailea eta haren erabaki asko ez dira azkoitiarren zein oñatiarren gustukoak izan. Anaitasuna taldea animatzera ere jende asko etorri da Azkoagainera. Harmailan eseri dira asko, kanpokoak zein bertakoak, baina euria hasi da atsedenaldira heldu aurretik, eta aterpean jarraituko dute gehienek partidua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak