"2017 urterako mugikortasun eta irisgarritasun helburuak lortzeko bidean", Ugarkalde eta San Lorentzo arteko bidegorria eta San Lorentzoko auzoko zortzigarren fasearen esleipena abian jarri dutela adierazi du prentsa ohar bidez Irati Etxeberriak, hirigintza eta zerbitzuetako zinegotziak. Bi lan hauek udaberrirako hasita egotea gurako luke eta bien exekuzio epea bost hilabetekoa izatea espero du.
San Lorentzo eta Ugarkalde arteko bidegorria
Oñatiko udalerriko bidegorri sarea osatuko du Ugarkalde eta San Lorentzo auzoen artekoak. Egun GI-2630 galtzadaren ezkerreko (iparreko) aldetik joango da.
Bizikleta ibilbidearen ezarpena inguruko ezaugarrietara egokitu dute eta eraginetako batzuk hauek izango direla:
- Lineako aparkaleku batzuk hartuko ditu (errepidearen hegoaldeko ertzean ordezkatuko direnak, ezabatuko den bidegorri zatian)
- Autobusaren geltokiaren atzetik joango da, GI-2630 errepidearen zabalera gutxituko delarik, geltokia eta bidegorriaren artean segurtasun eremu bat mantenduz.
- Espaloiaren zati bat hartuko du, etxebizitzen eta gaur egungo luzetarako eremu berdearen artean
Lanen exekuzioaren aldi batean, GI-2630ko galtzada okupatzen den eremuan, errei bakarra ezartzea aurreikusten dute, txandakako zirkulazioarekin. Gainontzeko ataletan aparkalekuak kenduko dira aldi baterako eta autobus geltokiko nasa lekualdatzea ere aurreikusten da. Proiektuaren eremu osoan argiztapena ere berrituko dute. Aurrekontua 199.315,21 eurokoa da, (241.171,40 euro BEZ barne). Lanak udaberrirako hasita izatea espero du udalak eta bost hilabeteko epean amaitzea.
San Lorentzo auzoko irisgarritasun lanak
Udalak bidalitako oharraren arabera, proiektu honek aurreko urtetako faseei jarraipena emango die eta "San Lorentzoko zortzigarren eremuko oinezkoen ibilbide eta igarobideak indarrean dagoen irisgarritasun arautegira egokitzea du helburu, edo, hau ezinezkoa den kasuetan, gaur egungo egoera nabarmen hobetzea".
Espaloietako oinarrizko esku-hartzeak honako hauek izango dira:
- Espaloia zabaldu araudiak behartzen duen gutxieneko zabalerara.
- Espaloietako zeharkako malda gutxitu
- Malda isolatuak eta ibilbideetako hausturak ezabatu
- Zoladura ordezkatu
- Norabidezko zoladura desberdindua ezarri oinezko ibilbideetan orientazioa errazteko
- Oztopo-zutoinak ezarri ibilgailuen aparkaleku desegokia ekiditeko
- Eskudelak ezarri hala behar den maldetan
Eskaileretan egingo diren esku-hartzeak:
- Eskailera mailen neurria egokitu
- Zoladura ordezkatu
- Zoladura desberdindua ezarri eskaileretako sarrera eta irteerak adierazteko
- Araudiaren araberako eskudelak ipini
Oinezkoen pasabideetako esku-hartzeak:
- Plataforma erako oinezkoen igarobideak eraiki, dagokien seinaleztapen horizontal eta bertikalarekin
Irisgarritasunaren inguruko lanez gain, proiektu honek udaleko euri-uren saneamenduaren berriztapen ekintzak ere hartzen ditu, gaur egun ur zikinekin bat den lekuetan, bata bestearengandik bereiziz. Aurrekontua 198.966,26 eurokoa da (240.749,17 euro BEZ barne). "Lanak udaberrirako hasita izatea espero dugu, eta bost hilabeteko epean amaitzea", dio amaieran oharrak.