Bertsolari gazteei zuzendutako Bertso Berriak, Elkarri Jarriak bertso saioaren bigarren edizioa egin zuten atzo iluntzean Oñatiko Antixena Gaztetxean. "Sariketa formatuan antolatutako bertso saio bat da. Beste herri batzuetan mota honetako sariketa asko egiten zirela ikusten genuen eta Oñatin ere egitea erabaki genuen", adierazi du Urko Arregi antolatzaileetako batek.
Bikote formatuan lehiatu zuten. "Bertsolari gazteak izanik, batzuentzat zaila da bakarka jendearen aurrera irtetea. Horregatik, bikote baten laguntzarekin errazagoa izango zela pentsatu genuen", dio Arregik.
Publikoa, epaimahai
Antolatzaileek publikoari eman zien hitza eta boto bitartez erabaki zuten buruz burukora pasatuko zen bikotea. Hala, Zubiagirre eta Tatiegi izan ziren nor baino nor gehiago. Bakoitzak bost kopla osatu ostean, objektu bat eman zieten bakoitzari eta haren gainean bota behar izan zuten bertsoa. Zubiagirreri lagun bat eraman zioten oholtza gainera, bizkarrean hartuta, eta hari kantatu zion bertsoa. Tatiegiren objektua, aldiz, sagarra izan zen.
Bien bertsoak entzun ondoren, publikoak erabaki zuen Tatiegi izango zela txapelduna. "Gustura nago. Ez dugu aukera asko edukitzen bertso saioetan parte hartzeko eta aukera eduki eta ondo moldatu izanak, poztu egiten nau. Hasieran nahiko urduri nengoen, baina ondo bukatu dut, eta gustura nago", azaldu du irabazleak.
Harrera ona
Bete egin zen Antixena, harrera ona izan zuen bertso saioak. "Uste baino jende gehiago etorri da eta entzulea ere aktiboa izan da eta hori, pozgarria da", onartu du Arregik.
Datorren urtera begira, saio hau errepikatzeko asmoa erakutsi du antolakuntzako kideak, faktoreek laguntzen badiete eta dena ondo badoa behintzat.