Zabalik da Oñatiko Udala Grant izeneko beka jasotzeko deialdia

Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten giza zientzien eta zuzenbidearen alorretako proiektuak sustatu nahi dira.

Pasa den uztailean lankidetza hitzarmena sinatu zuten Oñatiko Udalak eta Lege Soziologia Institutuak, Oñatiko Udala Grant izeneko beka babesteko.

Beka horren helburua da Oñatiko herriari ekarpena egiten dioten gizarte zientzien eta zuzenbidearen alorretako ikerketa proiektuak sustatzea.
Hori horrela, tokiko autogobernuaren, hiritartasun aktiboaren edota naziogintzaren alderdi sozio-juridikoak aztergai dituzten ikerketa proiektuak aurkeztu ahal izango dira.

Eskatzaileak Oñatiko Lege Soziologia Masterreko ikasle izandakoak edo une honetan direnak izan daitezke, edota Lege Soziologia Institutuarekin harreman estua duten ikerlariak. Hala, beka eskuratzeko, proiektua garatu eta aurkezterakoan Oñatin bizitzen egotea eskatzen da. Ikerketa amaitutzat emateko, zientzia artikulu bat prestatu beharko da gutxienez.

4.000 euro

Oñatiko Udala Grant beka 4.000 eurokoa izango da eta hiru ordainketa fase izango ditu: lehen ordainketa, ekarpenaren %20, ikertzaileari hautatua izan dela jakinarazi eta hilabetera egingo da. Bigarrena, ekarpenaren %50, ikerketa lanaren garapenaren berri ematean –txosten baten bitartez– egingo da. Hirugarrena eta azkena, ekarpenaren %30, proiektua amaitzean helaraziko zaio ikertzaileari.

Urtarrilaren 31ra arte

Eskaerak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 31 izango da, 13:00ak baino lehen.
Eskaera onartua izateko, Lege Soziologia Institutuaren webguneko formularioa betetzeaz gain, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da: ikerketa proiektuari buruzko xehetasunak jasotzen dituen 2-5 orri arteko plana laburpena, bibliografia, hautagaien curriculuma eta behin-behineko aurrekontu eta kronograma.

Behin betiko proiektua irailaren 7a baino lehen aurkeztu beharko da, posta arruntez edota onati@iisj.es helbidera bidaliz. Institutuak izango du ikerketa argitaratzeko lehentasuna.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.