Artedrama –Bizkaia–, Dejabu Panpin Laborategiak –Gipuzkoa– eta Le Petit Theatre de Pain –Lapurdi– taldeek osatzen dute Francoren bilobari gutuna antzezlana, hiru taldeek elkarrekin egiten duten hirugarren obra, hain zuzen.
Ximun Fuchs da antzezlanaren zuzendaria eta aktoreak, berriz, Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas dira.
Obraren oinarria frankismoa da, Igor Elortza gidoilarietako baten arabera. "Tratatzen duena zera da, frankismoak euskaldunongan, gerra bizi izan zuten zein gaur egungo euskaldunongan, izan duen eta duen eragina komunitate moduan zelan bizi izan dugun; eta zelan sendatu dezakegun elkar, ez dira-eta auzi pertsonalak", dio.
Trama "amaraun" bat dela dio Elortzak, Espainiako gerrako zein gerraosteko hainbat gertaerek eta gertaera horiek gaur egun kokatutako ospitale batean batzen diren pertsonaiengan eragiten dituzten bizipenek osatutako amaraun bat. "Zinta-dantza bat da. Ardatz berean korapilatzen doazen istorioak dira, elkarrekin askatu behar direnak", azaldu du.
Ospitalea
Ospitale batean kokatzen da antzezlana, Elortzaren esanetan, "gaixorik dagoen jendarte baten metafora moduan".
Egileen arabera, hau da obraren sinopsia: Iñakik hamar urte eta leuzemia ditu. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan.
Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna.
Arrakasta handia
Urriaren 31n estreinatu zen antzezlana, eta, geroztik, arrakasta handia izaten ari da. Elortzaren esanetan, oso intentsua da obra eta ikuslea "tripatatik" harrapatzen du. "Etxera joan eta hurrengo egunean ere buruan bueltaka izaten du ikusleak antzezlan hau", zehaztu du.
Sarrera erdiak, salduta
Esan moduan, domekan egongo da lan hau ikusteko aukera, Santa Ana antzokian, 19:30ean.
Bibe.me webgunean dago sarrera erosteko aukera, 10 eurotan. Eskuragarri dauden sarreren erdia baino gehiago saldu da dagoeneko.