"Kilimanjaroko gailurra egin nuen, 66 urterekin"

Jaxinto Lizarralde, bere etxean.

Jaxinto Lizarralde (1931) urte askoan harakina izateaz gain, mendizale amorratua ere bada. Garai batean egunero egiten zuen Aizkorritik buelta eta beste makina bat anekdota ere baditu. Urte batzuk Aizkorrira joan gabe egon ostean, Gabonak aurretik igo zen, ETBko Gailurra programaren grabazioan.

Aizkorrira makina bat aldiz igotakoa zara. Zer dela eta zaletasun hori?

Ardiekin ibiltzen nintzen gaztetan, artzain lanetan, eta gero mendira joateko ohiturari jarraitu egin nion. Ondoren, harategian lan egiten nuenean, eguerdian lanetik irten eta Aizkorrira joaten nintzen. Arantzazuraino Land Rover zahar baten joaten nintzen. Gaztetan bizkor egoten da norbera ere eta segidan egiten nuen Aizkorrira joan-etorria, berriro ere lanera itzultzeko.

Egun batean bost aldiz igo zenuen Aizkorri.

Bai, urte batzuk pasa nituen hori prestatzen. Gaztetatik ondo ezagutzen nuen mendi hura eta asteburuetan bikoitzak sarri egiten nizkion, baita hirukoitzak ere. Bi urtez lau aldiz igo nuen eta bost igoera saiatzea erabaki nuen, aldiro lagun desberdin bat alboan nuelarik. Beste lagun bat 16 orduz egon zen Aizkorriko puntan, nire igoera guztiak kontrolatzen.

Ekinaldi berean sei gailur ere eginda dituzu.

Hala da. Kosta egin zitzaidan hori prestatzea, bi gau pasa behar nituen eta. Egubakoitz ilunkara batean irten nintzen, Murua izeneko herritxo batetik Gorbeiara. Handik Anbotora, eguna zabaltzear zela, eta ondoren Udalaitzera. Jaitsi eta, Arantzazutik pasa ondoren, Aizkorrira igo nintzen. Gero, Otzaurterantz abiatu nintzen eta hemen bigarren gaua hasi zitzaidan. Ondoren, Etxegaratetik barrena, Aralar igo nuen eta azkenik, Txindoki. Handik Larraitzera jaitsi eta etxera. 10 lagun aritu ziren niri laguntzen, txandaka.

Zenbat aldiz etorri zara Iruñeatik Oñatira oinez?  

Hiru bat aldiz bai. Lehenengo aldian errepidez egiten saiatu nintzen, baina Altsasutik aurrerako bidea menditik egin nuen, errepidetik gogorra zelako. Bigarren aldian, bide guztia mendiz egin nuen. Hirugarrenean, gogorra izango zela banekien arren, guztia errepidez egin nuen. Sasoi ona ere bagenuen garai hartan eta halako gauzak egiten genituen.

Hemengo mendiez aparte, zein da igo duzun zailena?  

Kilimanjaroko –Tanzania– gailurra egin nuen, 66 urterekin. Erretiroa hartu nuenean, seme-alabek eta emazteak bi proposamen egin zizkidaten, beraiek ordaindutako bidaia bat egiteko: Matxu Pitxu edo Kilimanjaro. Nik bigarren hau aukeratu nuen. Donostiako espedizio batekin joan nintzen. Mendi gogorra da, sumendi bat. 11 lagun ginen eta guztiok lortu genuen gailurra egitea. Hala ere, momentu hartan ez geneukan aurreskua egiteko gogorik, -15 gradu zeuden. Oro har, esperientzia ederra izan zen, gogorra izan zen arren.

Denboraldi luze baten ostean, berriz ere Aizkorriko gailurra zapaldu duzu. Zer sentitu zenuen momentu hartan?  

Bai, ETBko Gailurra programa grabatzeko igo ginen. Andoni Aizpuruk berak deitu zidan esanez hara igo behar genuela. Nik udan igotzea nahiago nuela esan nion, baina hark neguan behar zuela esan zidan, Gabon aurretik. Nik baiezkoa eman nion. Eguraldia eta elurra nahiko arriskutsu zeuden arren, goraino igo ginen eta gailurra zapaldu nuenean, hunkitu egin nintzen. Gurutzea besarkatu nuen eta bertan zegoen lagun batek esan zidan negar egin zuela ni horrela ikustean. Zera pentsatu zuela esan zidan: Honek gurutzea etxera eramatea nahiko du!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.