Doluminak eta elkartasuna adierazi dizkiete sindikatuek atzo, urtarrilak 4, lan istripuan hil zen garraiolariaren senide eta lagunei. Arrasatekoa zen hori.
Euskal gehiengo sindikalak salatu du garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla, beste sektore askotan legez. "Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean langile autonomoak baitira, eta gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren", jakinarazi dute.
Gaineratu dute, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar dituztela, eta beste askotan, zama deskargatzera behartuak daudela. "Hauek eta beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain".
Elkarretaratzea martitzenean
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek egin dute bat salaketarekin eta datorren martitzenean, urtarrilaren 10ean, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, 11:30ean.