Ekitaldia eta hilaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deialdia egingo du zapatuan Oñatiko Sarek. Ekitaldia parte-hartzailea izango dela aurreratu dute. "Erakutsiko dugu bideo bat non oñatiarrak agertzen diren presoen eta iheslarien egoerari buruz berba egiten. Bakoitzak kontatzen du gai hori nola ulertzen edo bizitzen duen. Antzerki kutsua duen beste bideo bat ere ikusiko dugu eta horrez gain, bertsotan ere arituko gara, adibidez", dio Sareko kide den Mikel Kortabarriak.
Gaztelekuan izango da ekitaldia zapatuan, 13:00etan, eta herri osora zabaldu dute parte hartzeko deialdia. Amaieran, talde argazki erraldoia atera gura dute.
Salgai
Urtarrilaren 14an Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusak ere antolatu dituzte eta txartelak salgai daude dagoeneko. Kiku eta Gereta ardotegiaren tartean dagoen lokalean dituzte txartelak salgai. Hauxe da ordutegia: 11:30etik 13:30era eta 19:00etatik 21:00etara.