Aurreko urteetan egin duten moduan, aurten ere Otadui zuhaiztira etorriko dira lehenengo eta handik sartuko dira herrigunera. 17:00etan iritsiko dira hara eta hauxe da egingo duten ibilbidea: kale Zaharra, Foruen plaza, Atzeko Kale, Iturritxo, Kale Barria eta Foruen plazan. Ibilbidean zehar gozokiak banatuko dituzte eta behin ibilbidearen amaierara iristean, umeekin egoteko tartea hartuko dute. Umeek aukera izango dute eurekin egon, altzoan eseri, gutuna entregatu edo muxu emateko.
Olentzero eta Mari Domingirendako oso egun garrantzitsua izango da biharkoa. Laguntzaileak izango dituzte dena behar bezala antolatzeko eta egiteko. Oñatiko Udalak lagunduko die batetik, eta ondoan izango dituzte ere Jose de Azpiazu musika eskolako trikitilariak, Haitzondo kuadrillako kideak eta baita Irazan Antzerki Gunean dabiltzanak ere. "Olentzero eta Mari Domingi plazara heltzen direnean, adibidez, ziur gaude ume asko egongo direla zain eurekin egoteko, ilaran. Guk lagunduko diegu eurengana hurbiltzen. Gurasoek ere izango dute aukera argazkiak ateratzeko", azaldu du Irazan taldeko Josu Zubiak. Jose de Azpiazu musika eskolakoek eurekin batera egingo dute ibilbidea, panderoak eta trikitiak astinduz, eta Haitzondo kuadrillakoak apainketaz arduratuko dira.
Ludotekan
Oñatiko musika bandak ere atsegin du Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Gabon kantak joko dituzte Foruen plazan, 19:00etan.
Bestalde, Gabonetako oporrei eta umeei lotuta, egitarau berezia prestatu dute Txaloka ludotekako begiraleek. Hala, datorren astean, tailer ezberdinak egingo dituzte, Gabonetako eskulanak eta buztingintza, adibidez. Tailerra goizez egingo dituzte, 10:30ean, Txaloka ludotekako egoitzan.