Guztia prest Gabonetako kuadrillen arteko txapelketetarako

Eneko Azurmendi 2016ko abe. 23a, 10:11
Iazko saskibaloi txapelketako talde irabazlea.

Gabonak iristearekin batera, urteroko ekintzak dira areto-futboleko zein saskibaloiko txapelketak eta aurten ere ez dute hutsik egingo; abenduaren 30ean eta 31n izango da saskibaloikoa eta urtarrilaren 6an eta 7an, berriz, areto-futbolekoa.

Kalera, kalera ekimenak antolatuko du areto-futboleko kuadrillen arteko txapelketa.
Ohikoak ez diren egunetan jokatuko da aurten, urtarrilaren 6an eta 7an –egubakoitza eta zapatua–. "Egubakoitz arratsaldean hasiko ditugu partiduak eta, izena ematen duten talde kopuruaren arabera, gehiago edo gutxiago luzatuko da gaua. Ondoren, zapatuan, goizez eta arratsaldez izango dira partiduak; 20:00etan izango da finala", azaldu du Iñaki Guridi antolakuntzako kideak. Partiduei dagokienez, 20 minutuko bi zatiko partiduak izango dira.

Izena emateko aukera Arrano, Boga, Ona eta Ongi tabernetan egongo da, abenduaren 31 bitartean. Talde bakoitzak 30 euro ordaindu beharko du izen-ematea eta, gutxienez, 5 pertsonako taldeak izango dira. Parte hartzeko gutxieneko adina 14 urte izango da. Bi txapelketa egongo dira, emakumezkoena eta gizonezkoena.

Azkenik, kanporaketak nola gelditu diren azaltzen duen koadroa korreo elektroniko bidez bidaliko da. Horrez gain, izena emateko tabernetan ere jarriko dira kartelak.

Saskibaloia, urteroko egunetan

Abenduaren 30ean eta 31 goizean izango da saskibaloi txapelketa, Aloña Mendiko saskibaloi sailak antolatzen duena.

Urtero moduan, lehenengo multzokako fasea jokatuko da eta ondoren, final-laurdenak, finalerdiak eta finala. "Lehenengo egunean, multzokako faseko partiduak eta final-zortzirenak jokatuko dira eta bigarrenean, berriz, finalerdiak eta finala", adierazi du Iñigo Zabaleta antolakuntzako kideak.

Hemen ere, areto-futbolean bezala, 20 minutuko bi zatiz osatutako partiduak izango dira. –lehenengo eguneko partiduak denbora gelditu gabe eta bigarrenekoak, denbora geldituta–.

Izena emateko, alonamendi.saskibaloi@gmail.com helbidera idatzi edota arduradunekin harremanetan jarri beharko da, abenduaren 27a baino lehen. Talde bakoitzak 20 euro ordainduko du izen-ematea eta, gehienez, 20 taldek hartu ahal izango dute parte. "Ditugun kantxa orduak kontuan hartuta, ezinezkoa da partidu gehiago sartzea", zehaztu du Zabaletak.

Azken urteetan ohikoa den moduan, hiruko lehiaketa eta zelai erdiko jaurtiketen lehiaketa egongo dira abenduaren 30 arratsaldean. Hirukoen lehiaketarako izen-ematea euro bat izango da eta zelai erdiko jaurtiketen lehiaketa, berriz, doan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak