Arantzazu Defenda Dezagun plataformaren izenean Iñaki Usandizaga auzotarra eta Oñatiko Udaletik Mikel Biain alkatea, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egon ziren martitzenean Gomiztegiko harrobia handitzeko enpresa kudeatzaileak duen proiektuari buruz berba egiten. "Iñakik auzotar moduan egin du berba eta harrobiaren eragina Arantzazu auzoan nola bizi izan duten kontatu du. Nik berriz, bi txosten eraman ditut: Natura 2000 egitasmoaren mugaketarena bata eta parke naturalarena bestea", azaldu du Mikel Biainek.
Alkatearen esanetan, "harriduraz" entzun dute esandakoa: "PP ez beste alderdi guztien aurrean hitz egin dugu biok eta ingurune babestuan horrelako proiektua proposatu izana harriduraz hartu dute".
Martitzeneko bilera horretan konpromiso hau hartzeko eskatu diete Usandizagak eta Biainek batzarkideei: gutxieneko puntu batzuk adosteko eta Eusko Jaurlaritzari eskatzeko natur ingurune hori babesteko.