Emakumezkoetan, 23 urtez azpikoetan, Bizkaia Durango taldeko Lierni Lekuona izan da garaile. Kadetetan Anne De Pablo, Muskiz taldekoa. Juniorretan, esan bezala, Caja Rural taldeko Garazi Erostarbe oñatiarra eta elite mailan, Lointekeko Eider Merino.
Gizonezkoetan, berriz, 23 urtez azpiko kategoria Aiarabike taldeko Julen Latorrek irabazi du. Kadetetan Atracciones Sanz taldeko Mikel Orbea gelditu da lehenengo eta juniorretan Balmabiziko Xabier Murias. Ermua Specialized taldeko Aitor Hernandez izan da garaile elite mailan.
Zirkuitua gogorragoa
Iazkoarekin alderatuta, zirkuitu gogorragoa izan da gaurkoa. "Bagenuen beldurra gogorregia izango ote zen, baina ez dugu kexarik entzun eta pozik gaude", adierazi du bukaeran Aloña Mendi Txirrindularitza saileko Kepa Umerezek. 2.200 metro izan ditu zirkuituak, tartean, eskailera batzuk –horrek egin du hain zuzen ere normalean baino gogorragoa–, eta bukaeran oso teknikoa den jaitsiera bat eta dagoeneko klasiko bat bihurtu dena Oñatiko ziklo-krosean.
Nahiz eta behelainoa ez jaso lasterketa bukatu arte eta ondorioz hotz egin, ez du euririk egin eta hori eskertzekoa izan da bereziki ikusleendako. Horrek ekarri du zirkuituko lurra gogor samar egotea, eta apur bat zaildu egin du txirrindularien lana.