Gabonak gerturatzen ari dira, eta, urtero moduan, egun hauen bueltan egitarau zabala antolatu du Udalak, herriko eragile eta elkarte ezberdinekin batera.
Elkarlan horri esker, Udalaren esanetan, egitarau "aberatsa" lortu ahal izan da, bai ekintza kopuruaren aldetik, eta baita ekintza horiek duten izaeraren aldetik ere.
Artisauen Azoka
Bihar, zapatua, herriko 21 artisauk hartuko dute parte Oñatiko Artisauen Azokan, 10:30ean hasi eta 14:30ak bitartean. Mota guztietako produktuak egongo dira; xaboiak, ehungintzako eta larruzko produktuak, oihalak, eta bitxiak, esaterako.
Kontzertu berezia
Etzi, domeka, Gabonetako kontzertu berezia eskainiko dute San Migel parrokian Udal Musika Bandak eta herriko abesbatzek, 19:00etan.
Familiendako
Udalak azpimarratu du familiendako ekintzak programatu direla bereziki. Horri lotuta, bihar, 6 urtetik gorako gaztetxoendako espeleotxiki abentura irteera egongo da Arrikrutz-Oñatiko kobetan, 15:30ean. Aurrez, 11:00etatik 13:00etara, III. Jostailuen Trukerako Azoka egongo da Txaloka ludotekan.
Bestalde, ur jolasak ere izango dituzte haurrek, kiroldegiko igerilekuan. Alde batetik, ohikoak direnak, abenduaren 29an, eta, bestetik, Uluburun urperatzeko jolasak, abenduaren 30ean. Azken horiek, "dibertigarriak" izateaz gain, helburu "didaktikoa" ere badute, Udalaren arabera. Izan ere, urpeko arkeologoen lana ezagutzeko aukera emango die haurrei. Bi txanda egongo dira: batetik, 10-12 urte artekoendako; eta bestetik, 13-15 urte artekoendako.
Egun berean, Santa Ana antzokian, Lunaticus Circus haurrendako eta familiendako zirku ikuskizuna egongo da, 17:00etan.
Kirola
Urtero moduan, kirola egiteko aukera ere izango da Gabonetan, lagunarteko saskibaloi eta areto-futbol txapelketan eta Atxintxiketan-ek antolatutako San Silvestre lasterketa herrikoian.
Ekintza gehiago
Aipatutakoez gain, ekintza gehiago ere egongo dira Gabonetan, esan moduan, egitaraua zabala da eta.