"Azken bost urte hauetan presoen egoera ez da batere aldatu eta garbi ikusten dugu herri mugimendu bidez bakarrik lor daitekeela hobetzea. Horregatik, herritarrek astinduko duten bide baten hasiera indartsua izango da ekimen hau". Horrelaxe azaldu du Jesus Mari Goitia Manueltxok Euskal Herriko preso eta iheslari ohiek antolatu duten Kalera Kalera ekimena.
Urtarrilaren 8ra arte Usurbilen etengabe egongo dira herritarrak presoen egoera salatzen eta talde bat ere egongo da eragile eta erakundeekin gai horri buruz berba egiteko. Usurbiletik baina, herri askotara egin du salto ekimenak eta Oñatin ere antolatu dituzte ekintzak ekimen horren bueltan.
Itxialdia
Bihar, egubakoitza, elkarretaratzea egingo dute Foruen plazan 19:30ean eta segidan triki bertso poteoa. "Kalera Kalera dioten edalontzi handiak baditugu eta barruan, piztutako kandelak sartuko ditugu. Herritarren artean banatuko ditugu. Eta gauean itxialdia egingo dugu udaletxean. Gura duen edonor etorri ahal da, denak daude gonbidatuta, beraz, oraindik ez dakigu zenbat lagunek pasako duten gaua han", azaldu du Manueltxok.
Zapatuan, Aiert Larrarte abokatua eta Etxerat-eko kide Naike Diez etorriko dira kultura etxera, 11:00etan, eta presoen eta iheslarien egoerari buruz berba egingo dute. "Oñatikoen ere jardungo dute, nola ez. Joseba Arregik 25 urte egingo ditu preso datorren urtean eta Xabier Ugartek eta Xabin Usandizagak 20", dio Manueltxok. 14:00etan bazkari herrikoia egingo dute gaztetxean eta gauean What a Band eta Mery May entzuteko aukera egongo da 22:00etan hasiko den emanaldian. 24 orduko areto-futbol txapelketa urtarrilean izango da.
Gizarteratu
Urtarrilaren 8an, 14an egingo den manifestaziorako deia egingo dute ekimenaren bultzatzaileek. "Bestalde, presoen kolektiboak eztabaida prozesua jarriko du martxan laster bakegintzari ekarpenak egiteko, eta prozesu hori gizarteratu eta babestu ere egingo dugu", azaldu du oñatiarrak.